Euskal Kopako Lauko Finala Azpeitian jokatuko da

Hau da Euskal Koparen Lauko Finalaren koadroa. (IRAURGI SB)

Zilarrezko LEB liga jokatuko duten lau euskal taldeek lortu dute txartela eta larunbat arratsaldean eta igande goizean tituluaren bila ibiliko dira.

Urola bailarako eta Gipuzkoako saskibaloi zaleak zorioneko daude, asteburu honetan, saskibaloirik onenaz gozatzeko aukera izango baitute Azpeitiko kiroldegian Euskal Kopako Lauko Finalarekin.

Aurre-denboraldiko Txapelketarik garrantzitsuenetako bat da hau eta Zilarrezko LEB liga eta EBA ligan jokatzen duten taldeek hartzen dute parte. Irailaren 14an hasi zen aurreneko fasean, bederatzi taldek hartu dute parte eta larunbatean hasiko den Lauko Finalerako aurten Zilarrezko LEB ligan parte hartuko duten lau taldeek lortu dute txartela, horien artean Iraurgi SBk, etxean jokatuko duelarik. Denboraldia hasi aurreko astebururako, beraz, proba gogorra izango dute Iker Buenoren mutilek, eta bai beraien eta baita kontrarioen maila ere zein izango den ikusteko aukera izango dute.

Orain bi denboraldi ere Azpeitian jokatu ziren Euskal Kopako azken partidak eta, bertan, Iraurgi SB irten zen txapeldun. Araberriren aurkako finala ikusgarria izan zen eta Ola Atoyebik 52ko balorazioarekin amaitu eta gero, bere taldea garaipenera eraman zuen. Arabarrek iaz jaso zuten garaikurra Bilboko Casillan, finalean Askatuak garaitu eta gero. Aurten zein irtengo da irabazle? Hori larunbatetik aurrera jakingo da Azpeitiko kiroldegian.

Lauko Finaleko ordutegiak


- Finalerdiak (2013/09/28)

  • 16:00. Askatuak-Zornotza Saskibaloi Taldea
  • 18:15. Iraurgi SB-Araberri BC

- Bigarren jardunaldia (2013/09/29)

  • 10:15. Hirugarren eta laugarren postuak
  • 12:30. Finala

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide