Mobilizatzeko deia egin dute 35/02 sumarioko auzipetuek eta herriko tabernetako ordezkariek

Uztarria.eus 2013ko urr. 15a, 15:55

Gaur agerraldia egin dute 'Herriko tabernen auzian' auzipetutako eta herriko taberna nahiz elkarteetako ordezkariek. (Libre, Facebook)

Ostegunean hasiko dira herriko tabernen auzia epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Gaur, asteartea, agerraldia egin dute hainbat herriko taberna eta elkarteetako zein 35/02 sumarioko auzipetuek, eta datozen egunetarako antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago.

35/02 sumarioko (Herriko tabernen auzia) auzipetu eta herriko taberna nahiz elkarteetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur, asteartea, epaiketa salatzeko eta mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez. Agerraldian izan da, beste batzuen artean, Orkatz Kultur Elkarteko ordezkari bat, eta urriaren 26an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Ostegunean izango da Herriko tabernen auziaren lehenengo saioa. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago. Hori dela-eta, auzipetutako 40 laguni bezala, tabernetako ordezkariei ere deklarazioa hartuko diete. Hala, Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatz Kultur Elkarteko ordezkari moduan izango da Madrilen, datorren hilaren bukaera aldera. Uztarriak Herriko tabernen auziaz erreportajea kaleratu du urriko aldizkarian.

Bestalde, atzo hasi zen 26/11 sumarioan auzipetutako 40 gazte independentisten kontrako epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Segiko kide izatearen akusaziopean, egunotan (atzo, gaur eta bihar, asteazkena) ari dira epaitzen gazte horiek, eta tartean da Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna. Izagirre Madrilen izango da asteazkena bitartean, eta azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n daude jarrita datozen auzi saioak, baina gehiago ere izan litezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide