Del Riori buruzko epaia "antzeko" kasu guztietan ezarri behar dela ebatzi du Auzitegi Nazionalak

Uztarria.eus 2013ko urr. 29a, 10:42

Estrasburgoren ebazpenak Ines de Rio preso ohiaren kasutik haragoko eragina duela argudiatu du auzitegiak. Joxe Arrutik, Juan Karlos Arrutiren anaiak, ez daki anaiaren gaineko kasua noiz jorratuko duten. "Dagokigun astean izango dugu horren berri, uste dut", azaldu du.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren inguruan emandako ebazpena "antzeko egoeran" dauden presoei ezarri behar zaiela ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hala irakur daiteke Juan Manuel Piriz preso ohia askatzeko adostu duten autoan.

Estrasburgoren 197/2006 doktrinaren gaineko ebazpenak Ines del Rio preso ohiaren kasutik haragoko eragina duela erabaki du auzitegiak. Honen arabera, Del Rioren inguruko ebazpenak eragina du preso ohiaren kasutik harago ere, eta "antzeko" egoeran dauden preso guztietan ezarri behar da Estrasburgoren irizpidea. Hori argudiatuta askatu zuten ostiralean Piriz.

Hamazazpi epailetik hamaseik bozkatu zuten Piriz libre uztearen alde, eta Jose Ricardo de Prada epaileak idatzi zuen autoa. Honek argudiatu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak agerian utzi duela Parot doktrina-ren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren arteko "bateraezintasuna". Gaineratu du Estrasburgoren epaia ez betetzeak "nazioarteko betebehar juridikoak urratzea" eta "Europatik eta bere zibilizazioko zentzutik aldentzea" baino ez lukeela eragingo. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak osoko bilkura egin zuen ostiralean, eta bertan aztertu zuten 197/2006 doktrina ezarria duten presoen helegiteen aurrean nola jokatu. Zentzu horretan, epaia kasu berean daudenei "berehala" aplikatzea beste aukerarik ez dagoela esan zuen atzo Marc Muller abokatuak, Del Rioren defentsa egin duten abokatu taldearekin batera emandako prentsaurrekoan. Epaiaren balorazio juridikoa egin zuen Mullerrek, argi esanez Espainiaren "barne arazoetan" ez zela sartuko, baina eskubide batzuk urratu direla, Europako Auzitegiak onartu duela, eta eskubide urraketa hori bukatzeko epaia aplikatu behar dela Del Rioren auzian ez ezik, gainerakoetan ere.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak joan zen astelehenean baliogabetu zuen Parot doktrina, eta Del Rio azken bost urteetan legez kanpo egon dela preso ebatzi zuen. Haren egoeran, 197/2006 doktrinaren pean, ia 60 presok jarraitzen dute, eta horien artean da Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra. Paterrak 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra. Urola Kostako Hitza-k Joxe Arruti Paterra-ren anaiarekin hitz egin zuen Estrasburgoren ebazpena jakin ostean, eta modu positiboan baloratu zuen. Balorazioa irakurtzeko egin klik hemen.

Dagoeneko helegiteak jarrita dituzte Auzitegi Nazionalean, baina senideak tantaka ari dira jasotzen informazioa, eta oraindik ez dakite auzitegiak zer modutara aztertuko dituen senitartekoen kasuak. Joxe Arrutik, Juan Karlos Arrutiren anaiak, ez daki anaiaren gaineko kasua noiz jorratuko duten. "Dagokigun astean izango dugu horren berri, uste dut". Anaia bisitatzera joanda dago Joxe Arruti, eta adierazi du ebazpenaren ondotik "oso gustura" eta "animatuta" dagoela presoa. Aldi berean, zuhurtziaz hartu du berria: "Ez dakigu zer gertatuko den, eta hankak lurrean eduki behar ditugu oraindik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide