Birziklatzea tokatzen zaigu

Iñaki Azkue (Azpeitiko EH Bilduren izenean) 2014ko urt. 3a, 21:02

Azken asteetan Azpeitiko EAJ-PNVk agerraldi ezberdinak egin ditu hondakinen gaiaren inguruan. Gure ustetan, ezinegona eta informazio faltsua jakinarazi nahi zaie azpeitiarrei. Eta argi dago ahalik eta etekin politiko handiena ateratzeko nahia dagoela, horregatik azkeneko gutuna Urte Zahar egunean irakurri ahal izan dugu.

Maiatzeko udalbatzan aho batez onarturiko akordioa bere modura eta desitxuratu nahia dagoela ikusi daiteke, eta ezin dugu ahaztu akordio hartan %70 birziklatu, prebentzioan urratsak eman eta kontrolagarri den edukiontzi bidezko sistema bat diseinatzea adostu zela. Testua edozeinek du eskuragarri interneten.

Guretzat gakoa herritarrekin batera urrats txikiz asko ematean dago, bukaerako argazkian adostutako emaitzak lortzeko. Hori da, Gugandik hasita martxan jarritako kanpainaren asmoa, prebentzioa eta gaikako bilketa bultzatzea herritarrekin.

Baina PNVrentzat "txotxolokeriak" dira pauso horiek. Txotxolokeria al da Azpeitiko hiru ikastetxeekin, ehunka ikaslerekin eta beren gurasoekin prebentzioko proiektuak lantzea? Txotxolokeria al da Azpeitiko kirol guneetan gaika biltzeko bitartekoak jarri eta herriko kirol elkarteek beren eremuan gaika biltzeko kontzientziazio lana egitea? Txotxolokeria al da Azpeitiko elkarte gastronomikoetan gaika biltzeko bitartekoak martxan jartzea? Txotxolokeria al da herriko azokako hondakinak gaika biltzea? Txotxolokeria al da 700 familia gehiago organikoaren gaikako bilketan sartzea?...

Baina larriena hartutako akordioa desitxuratzeko saiakera da. Aho batez lorturiko akordioan ez da esaten edukiontzi bidezko zein sistema garatuko den eta hori da orain aztertzen ari garena. Akordio politikoa lortu ondoren, gaia teknikoen esku utzi zen eta beraiek esango digute helburu horiek lortzeko zein sistema diren egokienak Azpeitiko auzo bakoitzerako. Izan ere ENT enpresak azterketa bat egin du, beti ere lorturiko akordioko oinarriak kontuan izanda. Nola nahi duzue modu adostuan urratsak ematea teknikoei ere beren lana egiten ez badiozue utzi nahi?

Aurkezpenean modu gardenean (denen aurrean) hainbat sistema aztertu ziren, baina azterketan sakondu beharrean, ekarpenak egin, bata edo bestearen egokitasuna eztabaidatu, hau da, arduratsu jokatzearen ordez, txotxolokeriak eta "txerri janaren poteak portaletan" prentsaurrekoen hausnarketa sakona ikusi ahal izan dugu. Inteligentziaren aurkako mamuak astinduaz, existitzen ez diren beldurrak zabalduaz, ahalik eta etekin politiko gehien ateratzen saiatzen.

Jarrera horien aurrean, edozeinentzat eskuragarri dagoen teknikoek egindako azterketa oinarri sendo bat da, eta zorionez hainbat sistema ditugu adostutako helburua lortzeko, hainbat koste ekonomiko eta hainbat ezaugarri teknikorekin, gehiago landu eta erabakitzeko unea da, pazientziaz eta arduraz.

Baina kezkatuta gaude, azterketa fasean, alderdi politiko batek arlo teknikoa bera baldintzatzea nahi badu, horretarako komunikabide publikoak erabiliaz. Gai teknikoa ez dela esaten ari al gara? %70 birziklatzea automatikoa dela?

Liskarra sortu nahian zabiltzate. Guk adostutako bideari eutsiko diogu, eta herritarrekin batera adostutako tresnak erabilita ezarritako helburuak lortzeko sistema abian jarriko dugu, guztion ardura baita birziklatzea.

Eta ez dago soluzio magikorik, hondakinak guk sortzen ditugu eta ez dira desagertuko, eta ez du Gabonetan Olentzerok denaren irtenbidea den errauskailua ekarri. Zorionez, ez Zubietan eta ez Azpeitian ez da errauskailurik edo, zuen hizkuntzan, balorazio energetikoaren planta egingo. Eta bai, Lapatx urte luzeetan sufritzen ari gara azpeitiarrok. PNVkoak izan zineten Lapatx sortu zenutenak, bere bizia luzatu, eta orain zuen esku dago Lapatx ixtea. PP eta PSOErekin sortu duzuen blokeoarekin amaituz, eta Batzar Nagusietan errauskailuaren alternatiba diren azpiegiturei bidea emanez. Hasi gaitezen herritarren interesak defendatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide