Inaxio Uria hiltzea leporatuta, Manex Castrorentzat 44 urteko kartzela zigorra berrestea eskatu du Auzitegi Goreneko fiskalak

Uztarria.eus 2014ko urt. 15a, 11:23

Auzitegi Nazionalak joan den martxoan ezarri zion 44 urteko kartzela zigorra Castrori, 2008ko abenduan Inaxio Uria azpeitiar enpresaria hiltzea leporatuta.

Inaxio Uria azpeitiar enpresaria hiltzea leporatuta, joan den martxoan Auzitegi Nazionalak Manex Castrori ezarritako 44 urteko kartzela zigorra berrestea galdegin du Auzitegi Goreneko Paloma Iglesias fiskalak gaur, asteazkena.

Europa Press berri agentziaren arabera, Castroren abokatuak onartu du Castro ETAko kidea dela eta Uria hil zuten etakideekin batera, beste hilketa batzuetan parte hartu zuela, baina Castro Uriaren hilketarekin lotzeko "proba nahikoa ez" dagoela "telefono batean agertutako ADNa soilik dutelako". Alabaina, abokatuak adierazi du "Uriaren hilketaz ezer ez zekiela" Castrok.

Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko martxoan jakinarazi zuen Inazio Uriaren hilketarekin lotuta joan den urteko urtarrilaren 30ean epaitu zituzten Manex Castro eta Iraitz Santa Cruzen epaiak: Castrori 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Santa Cruz absolbitu egin zuten.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera Castrok auto bat utzi zuen ETAko kideen esku, eta ETAko kideak auto horretan joan ziren hilketan erabili zuten ibilgailua lapurtzera. Hilketa eta ETAko kidea izatea ere egotzita, 59 urteko zigorra eskatua zuen fiskalak haren kontra, baina azken hori ez dute frogatu. Castrok atentatua burutzeko "laguntza eraginkorra" eta "ezinbestekoa" eman zuela dio epaiak. Santa Cruzi dagokionez, frogatutzat eman dute ETAko kideei autoa utzi zienean ez zekiela atentatu bat egiteko zela.

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Inaxio Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen eta 71 urte zituen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide