Astelehenean izango da Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegien epaiketa

Uztarria.eus 2014ko urt. 24a, 12:32

Bertan izango dira Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ordezkariak euren abokatuekin, eta bospasei orduko epaiketa aurreikusten dute. Gaur, ostirala, agerraldia egin dute Corrugados Azpeitiako langileek, eta beharginen ordezkariek azaldu dutenez, "enpresaren harrokeriaren aurrean, langileen duintasuna eta arrazoia defendatuko ditugu Madrilen".

Astelehenean, urtarrilak 27, izango da Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileei ezarritako Lana Erregulatzeko Txostenaren (LET) gaineko epaiketa, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Bertan izango dira Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ordezkariak euren abokatuekin, eta bospasei orduko epaiketa aurreikusten dute.

Iraungitze txostena tarteko, bi lantegietako 338 langile utzi zituzten lanik gabe abuztuan, eta Corrugados Azpeitia lantegia itxi zuen. Gainera, Corrugados Lasao lantegiko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardok abuztuan. Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegiez gain, Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako beharginen kaleratzeak ere txosten berean sartu zituen Gallardok. Epaiketa Madrilen egitearen arrazoia "hemen kontrako hiru epai jaso izana" dela salatu dute: "Hara joan da pentsatuz hango epaileak bere alde errazago egingo duela. Madrilera eramatearekin, negoziaziorako esparru naturala deuseztu eta mobilizatzeko indarrak ahuldu nahi dituzte".

Epaiketa astelehean hasi eta amaituko da, aurreikuspenen arabera. Corrugados Azpeitiako langileek agerraldia egin dute gaur lantegiaren atarian, eta Gallardok "enpresa hiltzen utzi" duela salatu, eta epaia hilabeteren bueltan iritsiko dela aurreikusten dutela esan dute.

Epaiketa urrian zen egitekoa, baina urtarrilera atzeratu zuten, "enpresak behar zen dokumentazioa epean ez emateagatik". Langileen ordezkariek azaldu dutenez, "enpresa jakinaren gainean egon arren ez ditu errespetatu epeak, eta prozesua luzatu egin du". Horrez gain, enpresa "gauzak gaizki" egiten ari dela salatu dute: "Oraindik ez ditu langileekin kontu ekonomiko guztiak konpondu, soldatak eta atzerapen guztiak ordaindu gabe ditu eta".

Enpresa "zikin" jokatzen ari dela uste dute: "LETaren negoziazio garaian Corrugados Azpeitiako informatikako zerbitzaria Jerez de los Caballerosera (Badajoz, Espainia, Gallardo Taldearen egoitzara) eraman zuen. Abenduan, berriz, enpresa barruko egitura desmuntatzen egon da. Hori ziurtatzeko, langileen batzordea saiatu da enpresara sartzen, baina ukatu egin digute sarrera. Gure ustez, materiala ateratzen ari da; egitura metalikoak, ordezko piezak, material erregogorra, bukatuta zegoen produkzioa..."

Horregatik guztiagatik, abenduaren 26an Corrugados Azpeitiako ordezkariek salaketa jarri zuten Lan Ikuskaritzan, eta "ikuskariaren txostenaren zain gaude", azaldu dute: "Enpresa martxan jartzeko prest egon behar da epaiketarekin amaitu arte, eta ez dugu onartuko lantegia deskapitalizatzea". 

"Dirugosez direnak" Urola bailara "basamortu industrial" bihurtzen ari direla salatu dute agerraldian. "Gure ingurura begirada luzatu baino ez dugu egin behar ikusteko gure herriko eta eskualdeko enpresetako langileek dituzten arazoak, ADEGIren ikasle fin batzuen erruz. Desindustrializazioarekin bukatzeko herri honen instituzioek badaukate zer egin eta zer esan eta, horregatik, Madrilen, enpresaren harrokeriaren aurrean, langileen duintasuna eta arrazoia defendatuko ditugu", gaineratu dute.

Mobilizazioak astelehenean

Corrugados Lasaoko beharginek mobilizazioa egingo dute epaiketaren egunean, astelehenean. Horrenbestez, elkarretaratzea egingo dute 10:30etik 11:30era Azpeitiko plazan, "Gallardo Taldearen maniobra suntsitzaileen aurka, lanpostuen eta etorkizuna bermatzearen alde eta espediente fartsa honekin amaitzeko eskatuz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide