Gaur da Olatz Izagirre eta gainerako gazte auzipetuen epaiketako azken saioa

Uztarria.eus 2014ko ots. 4a, 11:15

Olatz Izagirre, eskuinean erdiko lerroan, eta gainerako auzipetuak Auzitegi Nazionalaren atarian. (Hodei Iruretagoiena)

6/11 sumarioko gazteei seina urteko kartzela zigorra eskatzeko argudioek ez dute oinarririk; polizien hipotesiak, aldez aurretik ezarritako ondorioak eta torturapean lortutako inkulpazioak dira guztiak. Horiek salatuz amaitu zuen defentsak joan den ostegunean saioa, eta gaur argudioekin jarraituz amaituko du bere egitekoa. 

Absoluzioa da defentsak eskatzen duena. Seina urteko kartzela zigorra fiskalak. Auzipetuen abokatuek, akusazioek bakoitzaren aurka aurkeztutako frogei, banan-banan, balioa kenduz joan dira epaiketan zehar, eta horiekin jarraituko dute gaur ere, 10:30etik aurrera, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Hodei Iruretagoiena Berria-ko kazetaria zuzenean egiten ari da kontaketa.

Gazteak jada sartu dira auzitegira, eta Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna ere bertaratu da gaurko saiora. Izagirre Segiren prentsa arduraduna eta Gipuzkoako arduraduna zela esan zuen joan den asteko auzi saio batean fiskalak, Guardia Zibilaren ikerketak, miaketetako materiala eta beste auzipetuek berari buruz esandakoak oinarri hartuta. 

Fiskaltzaren argudio nagusia da Segik "instrumentalizatu" egiten zuela gazte mugimendua; izan Gazte Independentistak, izan gaztetxeak, gazte asanbladak, martxak, topaketak edo bestelako edozein ekitaldi. Auzipetuek horietakoren batean parte hartzen zutenean "Segiko desdoblatu" gisa zihardutela defendatu du.

Defentsaren esanetan, ordea, polizien hipotesia baino ez da hori, epaitzen ari diren auziko diligentzietatik kanpo dauden txostenetan oinarritua. Gainera, salatu dutenez, ez dago gazteak Segirekin lotzen dituen frogarik, eta eskatzen duten zigorra "desproportzionala eta konstituzioaren kontrakoa" da. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko eskaera ere egin du horregatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide