Maila eta giro ona bermatuta gaur gaueko Erniarraitz Sariketaren finalerako

Urola Kostako Hitza 2014ko ots. 14a, 11:09

Urola Kostako Hitza-k finalean izango diren sei bertsolariekin hitz egin du. Gaur izango da Erniarraitz Sariketako finalak, 22:00etan hasita, Gaztetxean.

Gaur, osteguna, izango da VII. Erniarraitz Sariketako finala, Azpeitiko Gaztetxean. Kanporaketetako irabazleak eta puntuazio altuena lortu duten beste hiru bertsolari ariko dira ostiraleko finalean: Saioa Alkaiza (lehen kanporaketako irabazlea), Amaia Iturriotz (bigarren kanporaketako irabazlea), Nerea Ibarzabal (hirugarren kanporaketako irabazlea), Iosu Oiarzabal Xenpelar, Eneritz Artetxe eta Nekane Zinkunegi. Gai-jartzaile lanetan Gurutze Oiarzabal arituko da. 22:00etan hasiko da saioa.

Urola Kostako Hitza-k Jokin Urangarekin eta finalean izango diren sei bertsolariekin hitz egin du.

Hemen sei finalistei egindako galderak:

1. Zer moduzko txapelketa izan da aurtengoa?

2. Nola ikusten duzu zeure burua finalera begira?

Saioa Alkaiza (Antsoain, Nafarroa)

1. "Gazteen sariketa bat izanik, nabarmentzekoa da zenbat jende agertu den saioetara, horrelakoetan, normalean ez baita jende asko azaltzen. Bertsolariek ere nahiko maila ona izan dutela eta saio gozagarriak izan direla iruditzen zait".

2. "Kantatzeko gogoz nago,beti da ederra gaztetxe batean abestea, giro beroa izaten omen da, gainera, Azpeitian. Ondo pasatzeko gogoz noa".

Eneritz Artetxe (Azkoitia)

1. "Uste dut hiru saioetan nahiko maila ona erakutsi dela. Jende aldetik ikaragarria izan da, batez ere Errezil eta Azkoitia goraino ikustea. Erantzuna oso ona izan da alde horretatik".

2. "Duela bi urte finalean abestu nuen eta izugarrizko giroa izaten da. Plaza oso ona da, jendearen erantzuna ere ona izaten da eta gogotsu nago abesteko. Neure buruarekin gustura gelditzea da nire helburua".

Nerea Ibarzabal (Markina, Bizkaia)

1. "Neure saioan egon naiz soilik, baina jende pila zegoen eta denok harritu gintuen horrek. Pertsonalki ez nuen gozatu, baina maila ederra egon zen eta jendea gustura ikusten zen".

2. "Neu oso trankil nago, gozatzera bainoa. Gogo handia dut Azpeitiko Gaztetxean abesteko,  denok elkar ezagutzen dugulako jada. Gozatzera joango gara eta jendeak ondo pasa dezan saiatzera".

Amaia Iturriotz (Zumarraga)

1. "Neure saioan soilik izan naiz, baina bizi-bizi eta ondo joan zela iruditzen zait. Jende asko zegoen, eta giro ona izan zen, gustatu zitzaidan, egia esan".

2. "Gogotsu nago finalerako. Gutxi abestu dut azkenaldian, eta batzuetan kosta egiten zait, baina ondo pasatzeko gogoz noa. Gainera, bertsolariok ondo ezagutzen dugu elkar, eta uste dut saio on bat aterako dela finalean".

Iosu Oiarzabal (Azpeitia)

1. "Txapelketa oso ondo joan da, entzule aldetik batez ere; Azkoitian, esaterako, sekula baino jende gehiago izan da. Bertsolari aldetik ere oso ondo, eskualdeko bost lagun izan gara eta datozen gazteek oso maila ona eman dute".

2. "Amaia Iturriotz gainetik dago, gainontzekook berdindu samar gaude. Nik neuk gozatzea lortu nahi nuke, horrela jendeak ere goza dezan".

Nekane Zinkunegi (Errezil)

1. "Giro beroa eta animatua egon da, jende pila bat izan da saioetan. Maila aldetik, Amaia Iturriotz nabarmendu da. Gainontzean, oso parekatua izan da".

2. "Duela lau urte egun on bat izanda iritsi nintzen finalera. Izen handiak zeuden, eta anbizio handirik gabe joan nintzen. Orain, lagun artean ariko gara eta ondo pasatzera noa. Gaztetxean abestea gozamena da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide