Erremonteari eutsiz

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 6a, 13:51

Agirrezabala eta Juaristi, urdinez. (Maialen Andres)

Hernaniko Galarreta pilotalekua da erremontearen habia, eta han aritzen diren erremontisten koadroaren ia erdia Urola Kosta eskualdekoa da; egun, Azkoititik Zarautzera arteko hamahiru erremontistek jokatzen dute han. Pilota jokoaren aldaera bat da erremontea, xisteraz jokatzen dena. Bizia eta ikusgarria. Krisi ekonomikoaren astindua jaso du erremonteak, eta kirol modalitateari eusteko lanean ari dira. Ilusioz. Urola Kostako Hitza-k erremonteaz eta eskualdeko erremontistez erreportajea egin du.

Hain zuzen, joan den asteburuan txapelketa bat hasi zuten Hernaniko Galarretan: 2014ko Sagardoaren Txapelketa. Eskualdeko bost ari dira lehian bertan: Etxeberria IV.a (Azpeitia) eta Ion (Azpeitia), Bereziartua sagardotegiaren izenean; Juaristi (Zarautz) eta Agirrezabala (Azpeitia), Petritegi sagardotegia ordezkatuz; eta, Matxin III.a (Azpeitia) Etxeberria III.arekin Gurutzetaren izenean. Azken bi hauek lortu zuten iazko Sagardoaren Txapelketako txapela, eta Juaristi eta Agirrezabala txapeldunordeak izan ziren. Juaristik eta Agirrezabalak, aurten ere, elkarrekin hasi dute lehia, baita ondo ekin ere: larunbatean 28-40 irabazi zioten Juanenari eta San Migel-i.

Juaristik eta Agirrezabalak 11na urte daramatzate erremontean profesionaletan. Zarauztarrak, debutatu zuela hamabi beteko ditu uztailean, eta herenegun bete zituen 11 matxinbentarrak: "Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan debutatu nuen, Inauterietako astearte arratsalde batean".

Hernaniko Galarretako Oriamendi 2010 enpresaren koadrotik ia erdiak, hamahiru, Urola Kosta eskualdeko erremontistak dira. Hemen Azpeitikoen zerrenda:

Agirrezabala. Igor Agirrezabala Etxaniz (Matxinbenta, Azpeitia, 1982). 2003ko martxoaren 4an debutatu zuen erremontean.

Aizpuru III.a. Joxin Aizpuru Sanjuan (Azpeitia, 1992). 2012ko uztailaren 14an egin zuen debuta, Hernaniko Galarreta pilotalekuan.

Etxeberria IV.a. Aritz Etxeberria (Urrestilla, Azpeitia, 1987). 2006ko otsailaren 4an debutatu zuen Galarretan.

Ion. Ion Etxeberria (Azpeitia, 1983). 2003ko martxoaren 4an debutatu zuen Azpeitiko Izarraitzen.

Labaka. Jagoba Labaka (Azpeitia, 1991). 2012ko uztailaren 14an debutatu zuen Hernaniko Galarretan.

 

Matxin III.a. Xuban Oiarzabal (Matxinbenta, Azpeitia, 1982). 2000ko abuztuaren 1ean debutatu zuen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Matxin VI.a. Eñaut Oiarzabal (Matxinbenta, Azpeitia, 1989). 2008ko urriaren 18an egin zuen debuta Galarretan.

Otaegi. Unai Otaegi (Azpeitia, 1991). 2012ko uztailaren 14an debutatu zuen Galarretan.

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide