Hileroko bigarren igandeetan egingo dira Dantza Jauziak hemendik aurrera, Azpeitian. Atzo bigarren saioa zen, eta Olazko Amaren plazan elkartutakoak gogotsu aritu ziren 12:00etatik 13:30ak aldera arte. Zuzenien Xoxoterako igoera bertikala ere bazen atzo, eta handik buelta egindako jendea ere batu zitzaien hasieratik dantzan aritu zirenei.
Apirilaren 13an izango da hurrengo dantza saioa, eta plazara dantza ikasita joan nahi duenak, aurretik ikasteko aukera ere izango du. Luis Alberdi Beltzak eskolak ematen ditu, astelehen eta asteazkenetan 21:15etik 22:30ak arte, Ikasberrin. Eta, beste aukera bat ere jarri du Alberdik, taldea osatzen bada, ikastaroa emango du astearte eta ostegunetan, ordu berean, Betharrametan. Hilean 27 euro kostatuko dira eskolak, eta Sanagustin Kulturgunean eman behar da izena.