Iazkoaren ildotik dator XXI. Azpeitia-Azkoitia Maratoi Erdia

Uztarria.eus 2014ko mar. 11a, 14:53

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaile eta babesleak.

Iazko moduan, maratoi erdia eta proba herrikoia izango dira hilaren 22an, zapatuan, Azkoitia eta Azpeitia artean. Oraindik zabalik da bi probetarako izen-ematea. Aurtengo probari begira, mugikorrerako aplikazioa prestatu dute, parte-hartzaile bakoitza zirkuituaren zein tokitan dagoen eta lasterkari bakoitzaren denbora kontsultatzeko.

Gaur, asteartea, aurkeztu dute Diego Garciaren Oroimenezko XXI. Azpeitia-Azkoitia Maratoi Erdia. Martxoaren 22an, zapatua, izango da lasterketa. 16:30ean hasiko da proba, Azkoitiko Julio Urkijo kalean. Iaz hala izan bazen ere, aurtengo lasterketan ez da jokoan izango Gipuzkoako Maratoi Erdiko txapelketa. Hala ere, lehenengo gipuzkoarrarentzat sari berezia izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta Mikel Odriozola Gipuzkoako Atletismoko Federazioko presidenteak esan duenez, "federazioa hor izango da laguntza ematen, ohorea da-eta Gipuzkoan halako probak izatea".

Aurtengo aurrekontua 90.000 euro ingurukoa dela azaldu du Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeko kide Agustin Jimenezek, eta lasterketa antolatzen aritzen diren 300 bat boluntarioren lana eskertu du. Horrez gain, proba diruz zein materialez lagundu duten erakunde, enpresa eta eragile guztiei ere eskerrak eman dizkio.

Nazioarte mailako izen handi batzuk izango dira aurtengo lasterketan. Hala nola, gizonezkoetan, Eritreako Goitom Kifle, Joseph Ebuya, Emmanuel Bett eta Moses Masai keniarrak, Thomas Ayeko ugandarra, eta Pedro Nimo del Oro eta Eliseo Martin Omenat espainiarrak. Emakumezkoetan, berriz, Malika Asahssah marokoarra, Bornes Jepkirui keniarra eta Azucena Diaz Calvo Santutxuko taldeko atleta ere maratoi erdian izango dira. Iaz omendu zuten Asier Cuevas lasterkariak ez du parte hartuko aurtengo maratoi erdian.

Proba herrikoia, bigarrenez

Aurten bigarrenez egingo dute 7,5 kilometroko proba herrikoia. Antolatzaileek esan dutenez, "500 bat lagunen parte-hartzea espero" dute. Lasterketa nagusia baino 15 minutu lehenago, 16:15ean abiatuko dira lasterkariak, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik.

Ostiraletik, 5 euro garestiago

Izen-emate epea datorren ostegunean, martxoaren 20an, bukatuko da, baina ostiral honetatik aurrera inskribatzen direnek bost euro gehiago ordaindu beharko dute. Lasterketaren bezperan, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara eta lasterketaren egunean 11:00etatik 16:00etara banatuko dituzte dortsalak eta txipak, Azkoitiko Elkargunean. Horrez gain, korrikalariek Azpeitiko igerilekuan izango dute dutxatzeko aukera. 

Lasterketan parte hartu behar duten gurasoen haurrentzat ludoteka zerbitzua ere eskainiko dute. Hori dela-eta, 3 eta 10 urte bitarteko seme-alabak dituzten lasterkariek heuren haurrak Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan utzi ahal izango dituzte, 14:30ak eta 19:30ak bitartean, eta doako zerbitzua izango da.

Urteroko legez, lasterkariek autobus zerbitzua izango dute. Aurreneko autobusa 14:30ean abiatuko da Azpeitiko igerileku aurretik Azkoitira, eta hurrengo autobusak Kiruri jatetxearen ondotik abiatuko dira. 15:45ean egingo du azken joan-etorria autobusak.

Mugikorrerako aplikazioa

Aurtengo berrikuntza nabarmena mugikorrerako aplikazioa da. Runloc izeneko aplikazioa doakoa da, eta proban parte hartzen ari diren lasterkari guztien ibilbideko jarraipena eta bakoitzaren denbora ikusi ahal izango da bertan.

Maratoi Erdiaren ibilbidea ikusteko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide