Emakumeen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala onartu du Udalbatzak, aho batez

Uztarria.eus 2014ko mar. 12a, 19:12

Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Hirugarren adina eta Parekidetasun Batzordean otsailaren 20an eman zioten aldeko irizpena martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionalari.

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala aztertu ostean, otsailaren 20an eman zioten aldeko irizpena Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Hirugarren adina eta Parekidetasun Batzordean. Udalbatzari ere onartzeko proposamena luzatu zioten, eta horri erantzunez, aho batez onartu zuen Udalbatzak adierazpena, atzoko ohiko bilkuran.

Hemen mozioa, osorik:

Martxoaren 8 Emakumeon Eguna, urteetako borrokak gogoratzeko eta ospatzeko eguna da, baina batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu, balantzea egin eta eskubideen aldeko aldarrikapenak kaleratzeko eguna.

Krisiaren itzalpean emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara, atzeraka goaz. Inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago emakumeen eskubideen aldeko borroka indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea.

Emakumeon egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko genuke: lan-merkatuan gero eta egoera kaxkarragoan, zaintzarako ardura gero eta astunagoa, gure gorputzaren inguruko erabaki ahalmena txikituta, eta indarkeria sexista gero eta era gordinagoan. Hori guztia, emakumeon eta familia-eredu heterosexualaren hautua egiten ez dutenen kontrako eraso ideologikoarekin lagunduta.

Lan-merkatuan gero eta okerrago gaude emakumeok. Botere ekonomikoaren mesedetan arautzen ari da lan-mundua, lanerako gorputza, burua eta eskuak besterik ez ditugunok babesik gabe utziz. Haurdun dauden emakumeak kaleratzeko aukera legeztatu da, lan-baldintzak okertzen ari dira orokorrean eta emakumeak nagusi diren hirugarren sektorean bereziki, eta sektore feminizatuetan behin-behinekotasuna, ziurgabetasuna eta prekarietatea dira nagusi. Horrekin batera, lan-merkatutik kanpo uzten ditugun etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeen bizkar erortzen jarraitzen dute. Ez hori bakarrik; erakunde publikoak, pertsonen zaintza luxua dela baloratuta, horretarako dauden zerbitzuak eta laguntzak murrizten ari dira eta, ordainetan, emakumeon zaintzaren motxila kargatzen ari da.

Gure gorputza ere ez digute guretzat utzi nahi. Gure gorputza gurea dela ukatu nahi digute. Abortatzeko eskubidea ukatzeko Espainiako Gobernuak aurkeztu duen kontrarreformarekin, duela 40 urte oihukatutako aldarriak berriz bueltatu dira gurera.

Abortuaren kontrarreformarekin batera, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago datoz, emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzeko. Ugalketa lagundurako eskubidea bikote heterosexualentzat soilik, haurdun geratzen den emakume oro haurra izatera behartu, norberaren gorputza eta desioak ezagutu eta garatzeko hezkuntza afektibo-sexuala murriztu edo LOMCErekin guztiz ezabatu, sexu bereko pertsonen arteko harremanak gaixotasun gisa aurkeztu nahi dizkigute, eta indarkeria sexistaren dimentsioa ezkutatu, garrantzia kenduz, datuak makilatuz (indarkeria sexista gisa kontabilizatuko direlako soilik eraildako emakumeak eta 24 ordutik gora ospitaleratutakoak) eta batzuetan justifikatuz. Erakunde publikoek eta hedabideek horretan duten ardura ez da txikia.

Emakume eta gizon askeak, buru- eta gorputz-jabeak izateko heziketa zeinen garrantzitsua ondo dakitenez, LOMCErekin hezkidetzaren bidean egindako lana ezabatu nahi du Espainiako Gobernuak.

Hedabideetan ere atzerakada garrantzitsua atzematen dugu eta bereziki larria iruditzen zaigu bertako hedabide publikoetan gertatzen ari dena. Aktualitateko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon presentzia anekdotikoa da. Ez dugu ahotsik. Ikusezinak gara. Horretaz gain, hedabideetako edukiek eta publizitateak estereotipo, rol eta balio sexistak elikatzen eta indartzen dituzte. Gaur egun, esan dezakegu, hedabideak estereotipoen habia direla.

Egoeraren irakurketak alarma guztiak piztera garamatza. Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia erebada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako. Ez halabeharrez, ordea; botere politikoek eta ekonomikoek norabide horretan eraman nahi gaituztelako baizik. 

Egoeraren irakurketa gordinak etsipenean erortzeko baino, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Jostun onen moduan, jos ditzagun emakumeon arteko sare sendoak. Eta zabal dezagun gure sarea eta lana esparru guztietan, esparru sozio-ekonomikoan, kultur arloan, esparru politikoan, erakundeetan.

Emakume eta gizon askeak helburu, bide horretan lan egingo dugu erakunde publikoetan, elkarteetan, komunikabideetan eta kalean. Jakitun gara jendartea eraldatzeak gure buruak ere eraldatzea esan nahi duela eta, jakitun gara, barne-mailan gauza asko ditugula oraindik lantzeko. Ez gara jendartetik isolatutako erakunde bat eta guk ere ikasi eta landu beharreko alderdi asko ditugu oraindik.

Horregatik guztiagatik, Udal honek honako konpromiso hauek hartzen ditu:

- Berdintasunerako politika publikoak garatzea, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.

- Programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan udalaren gobernu-ekintza orok genero-ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatzea.

- Emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea.

- Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.

Azkenik, mugimendu feministak betidanik emakumeen eskubideen alde egindako lana eta borroka aitortu nahi dugu, eta, ildo horretatik, mugimendu horrek gure herrian martxoaren 8rako egindako deialdiarekin bat egiten dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide