Matxin III.a, Etxeberria IV.a eta Ion Sagardoaren Txapelketako finalean izango dira

Uztarria.eus 2014ko api. 25a, 21:13

Etxeberria IV.na, Ion, Etxeberria III.na eta Matxin III.na, material aukeraketan.

Bihar, larunbata, izango da norgehiagoka, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Iazko irabazleek, Matxin III.ak eta Etxeberria III.ak, Etxeberria IV.a eta Ionen aurka jokatuko dute. 

Sagardoaren Txapelketako finalean lehiatuko diren bikoteek ostegunean aukeratu zituzten bihar, larunbata, erabiliko dituzten pilotak. Urrestillako Etxeberria IV.ak eta Azpeitiko Ionek joan den urteko irabazleen kontra jokatuko dute, Matxinbentako Matxin III.aren eta Doneztebeko Etxeberria III.naren aurka, hain zuzen. Iazko irabazleek Gurutzeta sagardotegia ordezkatuko dute, eta urdinek, berriz, Bereziatua.

Bi bikoteek partida bakarra galdu dute ligan, beraz, ibilbide berdintsua jarraitu dute finalera iristeko. Etxeberria IV.arentzat eta Ionentzat biharkoa izango da Sagardoaren Txapelketako lehen finala. Hala ere, Ion "seguru" sentitzen da, eta aurrelariarengan "konfiantza osoa" du. Etxeberria IV.a ere ez dago urduri: "Ez dut aitzakiarik atzelariarekin, eta ziur aski finala oso parekatua izango da".

Matxin III.ak, berriz, Etxeberria III.a goraipatu du. Haren hitzetan, hura "sasoi betean" dago, eta horrek "lasaitzeko" balio dio. Arerioak ere indarrez ikusten ditu Matxinbentakoak, ordea. Etxeberria III.aren ustez, norgehiagokako gakoa hasieran egon daiteke; horrenbestez, lehen unetik gogor hasiko dira iazko irabazleak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide