Udalak eta Aranzadik hitzarmena sinatu dute 1936-1945 urteetan gertatutakoa ikertzeko

Uztarria.eus 2014ko mai. 13a, 18:49

Gerra Zibileko eta ondorengo urteetako errealitatea ikertzeko asmoz, atzo sinatu zuten lankidetza hitzarmena Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Sinatzaileen helburua da argitzea 1936-1945 urteetan Azpeitian gertatu zena eta ezagutzea herritarrek garai hartan pairatutako sufrimendua. Horretarako, Oroimen Bulegoa irekiko dute, ekainean, herritarrek partekatu dezaten epe horretan gertaturikoari buruzko informazioa. Aranzadi izango da, hain zuzen, ikerketa egingo duen elkartea.

Hitzarmenaren harira, atzo, astelehena, hasi zen Gerra Zibilaren oroimen historikoaren astea. Paco Etxeberria Aranzadiko Antropologia Fisikoaren saileko zuzendariak biktimen eta senideen sufrimenduaz hitz egin zuen, Hilotzak hobietatik ateratzen. Duintasunak berreskuratzen hitzaldian. Horrez gain, izen bereko erakusketa jarri zuten Sanagustinen, eta ostirala bitartean egongo da ikusgai.

Bestalde, beste bi hitzaldi antolatu dituzte aste honetarako. Bihar, Lourdes Errasti Aranzadiko historialariak eta antropologoak aurkeztuko du Emakumea Gerra Zibilean eta errepresio frankistaren garaian gaia, 19:00etan, Emakumeen Txokoan. Ostegunean, berriz, Mikel Aizpuru historialariak emango du Errepublika eta Gerra Zibila Azpeitian hitzaldia, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Azgazkietan, Eneko Etxeberria alkatea eta Paco Etxeberria Aranzadiko ordezkaria hitzarmena sinatzen, eta Hilotzak hobietatik ateratzen. Duintasunak berreskuratzen hitzaldiko irudiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide