Joseba Albizuk irabazi du Los 10.000 del Soplaoko errepideko proba

Uztarria.eus 2014ko eka. 9a, 18:08

Albizu, larunbateko lasterketan. (Oier Zenitagoia)

9:35:44 denboran amaitu zuen 309 kilometroko zirkuitua eta 6.506 metroko malda duen lasterketa, eta bigarrena 36 minutu eta 51 segundora iritsi zen.

Los 10.000 del Soplaoko errepideko proba irabazi zuen Joseba Albizu Errekak larunbatean, ekainaren 7an, Kantabrian (Espainia). Errepideko proba horrek bi lasterketa nagusi ditu: klasika, 225 kilometrokoa; eta Gran Fondo izeneko lehiaketa, 309 kilometrokoa. Albizuk 309 kilometroko zirkuitua egin zuen, eta 9:35:44 denbora behar izan zuen proba amaitzeko. Ibilbideak, gainera, 6.506 metroko malda du, eta horrek bereizten du lasterketa beste proba batzuetatik.

Azpeitiarraren atzetik iritsi zen Jose Antonio Arroyo, 36 minutu eta 51 segundora, 10:12:35 denborarekin. Hirugarrena, Angel Velazquez, bigarrenarengandik segundo batera iritsi zen, 10:12:36 denbora egin zuen. Ikusi sailkapen osoa, hemen.

Albizuk orduko 32,5 kilometroko batez bestekoa atera zuen lasterketan. Haren esanetan, bazekien zirkuitua "oso luzea" zela, eta "nahiko lasai" hartu zuen proba hasieratik. Lasterketaren lehen zatia 225 kilometroko klasika egiten ari ziren txirrindulariekin egin zuen, eta haiek helmugara iritsi zirenean, bakarrik jarraitu zuen. "Azken gurutzabidetik aurrera jarraitu nuen bakarrik. 100 kilometro faltan esan zidaten 15 minutuko abantaila atera niola bigarrenari; eta, datu hori jakinda, erraz egin nuen aurrera", azaldu du txirrindulariak.

Los 10.000 del Soplaoko mendiko bizikletako proban bigarren izan zen Erreka, eta errepideko proba irabaztea zen txirrindulariaren helburua. Hil honen 28an, Pedals de Foc lasterketa jokatuko du Katalunian; eta Iron Bike mendiko bizikletako itzulian lehiatuko da, uztailaren 26tik abuztuaren 2a bitartean, Italian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide