Bakarka ezin bada...

Aurreko artikuluan, taldeek disko bat kaleratzeko dituzten zailtasunetaz aritu nintzen. Diskoetxeen apusturik ezean, taldeak esfortzu eta gastu ekonomiko handiak egitera behartuta daude. Grabazio-estudio batean sartzea ez da broma, batez beste 20 euroko kostua izaten baitu bertan igarotako ordu bakoitzak, eta taldeek kantuak ondo prestatuta eraman arren, bukaerarako ordu pila bat izaten da.

Aukeretariko bat diskoa beste talde batekin batera kaleratzea litzateke; ahaleginak eta gastuak banatuz gero, guztia errazago izaten baita. Azpeitiko taldeek ere jakin izan dute hori egiten eta zenbait adibide gogorarazi nahiko nituzke oraingoan. 
 
Aurrena, tartetxo berezi bat egin nahiko nioke ziurrenik hemen aipatuko ditudan lan guztien artean oihartzun eta salmenta gehien lortu zituen diskoari: Jotakie taldeak 1985ean kaleratu zuen bere lehen diskoari, alegia.
 
Soinua diskoetxearekin, Kortatu, Cicatriz eta Kontuz hi! taldeekin batera kaleratu zuten lehen lana Jotakiekoek. Laukotearen diskoa bezala bataiatu zuen Euskal Herriak. Angel Arbe iruindarrak marraztu zuen azala eta lau esku azaltzen ziren bertan, fondo beltz baten gainean: esku bat, talde bakoitzeko. Jotakiek lau kantu jarri zituen bilduma hartan: Kriston burrundaie, Bi mamu pute hoiek, Kataklismoa eta Neu onena..

Grabagailuak eta autoekoizpena

Herrira lehen grabagailuak iristean hasi ziren herriko taldeak euren lanak autoekoizten.
1990eko hamarkadaren hasieran, Jotakie taldekoak izan ziren Azauntze –Auzaraza– baserriko euren lokalean grabagailua jarri zuten aurrenak, eta berehala iritsi ziren lehenengo emaitzak.
Jotakie, Direccion Obligatoria eta Lord Txanton izan ziren frogark egiten lehenak. Handik urte batera ekoitzi zuten herriko taldeen lehen bilduma lana, KK91 maketa gogoangarria. Baina bilduma maketa haren inguruan hurrengo artikuluren batean hitz egingo dugu, agian.
Urte batzuk geroago heldu zen grabagailua Urrestillako musika taldeen lokaletara. Zikupa taldekoak izan ziren pausoa eman zutenak eta, ia frogetarako denborarik hartu gabe, ekoiztu zuten bertako lehen maketa. Eztuk, LS Senghor eta Salario Minimo taldeak izan ziren bat egin eta euren lehen maketa izango zen hura kaleratu zutenak. 1996ean ekoiztu zen hurrengoa, Tau Cety, Fundiziyue, Zilbor Hesteak eta Mesia Berriak taldeek bat eginda atera zutena, CD formatuan.
 
2003. urtean, berriz, 3. gela izeneko disko-maketa ere kaleratu zuten herriko zenbait taldek: Ezinean, Zio Hitse, Galibo, Diarrea, Eslai eta Tiobibo  ziren diskoa osatu zutenak. Lokalean zituzten beharrak ikusita , diru pixka bat lortzeko beste bide bat bezala landu zuten proiektua. KK Zarra eta Patadazo taldeek ere bat egin zuten Teletetxo Records zigilluak kaleratu zuen lehen maketa ekoizteko, 2009. urtean.
 
Saiakera eta grabazio gehiago izan dira, baina ez dut kaleratu diren ezagutzarik. Herrian izan dira bilduma-lan gehiago ere, baina horretaz ere agian hurrengo batean hitz egingo dut.
Bitartean, entzun musika!
 
Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide