'.eus' izaera politikagintzan

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2014ko abe. 15a, 18:14

Atzo 'Berria' egunkarian argitaratutako analisia da.

Euskal Herriaren ikusgarritasunerako eta eraikuntzarako pauso garrantzitsu bat izan da .eus. Helburutzat euskara eta euskal kultura sustatu eta komunitatea kohesionatzea ditu proiektuak. Euskal Herria, bere txikian, Interneten bada nor. Ez da gutxi.

PuntuEus fundazioaren balioa bere izaera da —Egunkaria-ren oinarri batzuk erreskatatuz, euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea eta ez-instituzionala dela esan daiteke—. 92 entitate izan ziren haren aitzindari: 9 enpresa, 23 entitate publiko, 14 hedabide eta kulturako 46 organizazio. 92 haien artean: Euskaltzaindia, Kontseilua, ikastolak, Eusko Ikaskuntza, Mondragon unibertsitatea, Topagunea, Euskal Konfederazioa, Euskara Kultur Elkargoa, Berria Taldea… Erakunde instituzional publikorik ez (Jaurlaritza, aldundiak...), baina bai entitate publiko inportanteak: EITB, EHU... Ez da, beraz, erakunde anti-instituzionala. Gainera, instituzioekin elkarlanean eta protagonismoa partekatzen dabil; hor da abenduaren 3an ere .eus-en ekitaldian Jaurlaritzako lehendakariak izandako presentzia.

Azken aste honetan kultura politiko zabal horren beste ariketa praktiko bat ikusi da Donostian, Nazioak eta Estatuak XXI. mendean: Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea nazioarteko jardunaldietan. Eusko Ikaskuntza eta EHU izan dira antolatzaileak, eta laguntzaileak, Gaindegia eta Agirre Lehendakaria Centerrez gain, EHUgune, Euskal Nazionalismoa XXI. mendean, Deustu, Mondragon, Nafarroa eta Paueko unibertsitateak eta NUP. Akademia, bat eginda, .eus izaerarekin. Erabaki eskubidearen alde halako bilgune herritarra ere bada: Gure Esku Dago.

Gizartean espazioak sortzen eta hedatzen doaz, partaideak berdinetik berdinera aritzeko, erabakiak elkarrekin hartzeko eta kudeatzeko. Kasuan-kasuan, haietan tokia lukete instituzioek ere.

Hego Euskal Herrian indar politiko nagusietakoak prozesu eratzailea-z hizketan ari dira, bakoitza bere erara: konstituzio erreforma, federalismoa, erabaki eskubidearen instituzionalizazioa, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetatik abiatutako dinamika subiranista... Arlorik sozialenetan eta prozesu politikoetarako herritarrek boterea izateko ariketa eratzaileak egiteko garaia ere heldu da, ordea. Ez al daude arkitektura eta jokamolde instituzionalak zaharkituta? Badira frogak.

Ibarretxe zela EAEko lehendakari, estatuak kolpe hotz bakar bana ematea nahikoa izan zuen asmo politiko demokratiko eta zilegiak deuseztatzeko: 2004ko Estatutu Politiko berria eta 2008ko Galdeketa Legea. Hurrenez hurren Kongresuaren eta Konstituzionalaren ezezkoak jaso ondotik, lehendakariak begiratu zuen atzera, eta ez zeukan inor; ez zuen euskal gizarterik atzean —ez eta bere alderdia ere—. 2006an, berriz, ezker abertzaleak abandonatu egin zuen elkarlanean Nazio Eztabaidagunearen bidez ereindako dinamika soziopolitikoa, eta, Loiolakoak huts egin ostean, bere planteamenduetan oso ikusi zen bakarrik, baita estatuen zartadak pairatzean ere. Antxon Etxebestek Josu Muguruza liburuan esan du ETAri 1989an Aljerko elkarrizketetan "gerria, pazientzia eta ENAMeko indarrekiko konfiantza falta" izan zitzaizkiola; ez zuela "gatazka politikoaren konponbiderako fronte berri bat" behar zela "barneratu". Hori, denborarekin, soilik bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuan ez ezik, gizarte zibilaren parte hartzearen eta ekarpenaren aitorpenean ere bilakatu da ezker abertzalean.

XXI. mendean instituzioak, funtsean, eskema klasikoan dabiltza. Herri galdeketak indarra hartzen ari dira, eta ontzat jotzekoa da, baina oso noizean behingo tresnak dira, eta tentuz erabili beharrekoak. Edo, instituzioen aholku batzordeak sortu izan dira; ordea, ezer taxuzkorik eraikitzeko ez, eta erakundeek maiz haien instrumentalizazioa egin dute.

Kultura politiko berrirako, etxean ez ezik, kanpoan ere bada zer ikasia. Katalunian, adibidez, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Nazio Hitzarmena dute, 3.500 erakunde pasak osatutakoa —han dira entitate zibilak, kulturalak, herritarrak, ekonomikoak, sindikalak, legebiltzarreko taldeak eta Generalitat—. Ez da gobernuaren aholku organoa. "Prozesua aberasteko eta hura bideratzeko" oinarrizko erabakiak adosten dituzte han. Gero entitate bakoitzak du, bere ezaugarrien arabera, neurriak barne mailan aplikatzeko erantzukizuna, eta denentzat ukaezina da prozesuan berebiziko garrantzia duela Generalitateak. Aldiz, EAE mailan (ere) ez da halako borondate instituzionalik ikusten erabakitzeko eskubidean, euskararen normalizazioan, kulturan... Ez zaio Ezequiel Ander-Egg soziologoaren .eus izaerako esan honi jarraitzen: "Ez egon zerbaiten, baizik eta zerbaiten erabaki".

Kulturako hirugarren pauso estrategikoa Azpeitian (Uztarria aldizkaria, 2014ko azaroa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide