Kulturako hirugarren pauso estrategikoa Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2014ko aza. 12a, 18:05

(* Uztarriako eta Kultur Mahaiko talde eragileetako kide ohia). Datorren legealdian, eta 2016tik aurrera, Azpeitiko Udalak bere kultur arloko aurrekontua zergatik ez utzi Kultur Mahaiaren ardurapean? Instituzioei komeni zaie leihoak zabaltzea, eremu sozialenetan (ere) kultura politikoa sakontzeko. / Azaroko Uztarria herri aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da.

Azpeitiko kulturgintza artikulatua beste pauso estrategiko bat emateko moduan dago. Noan harira (*), haren bilakaera eta herri mugimenduaren estatusa kontuan hartuz galdera bat eginda: datorren legealdian, eta 2016tik aurrera, Azpeitiko Udalak bere kultur arloko aurrekontua zergatik ez utzi herriko Kultur Mahaiaren ardurapean? Orduan ere diru publikoa kontrol publikopean legoke, baina kultur proiektu eta kudeaketa osoa esparruko herri bilgunearen esku, baliabide ekonomikoak ere izanik.

Azpeitirako ez litzateke neurri iraultzailea, eboluzio baten ondorioa baizik. Gure kultur arloaren azken ia hogei urteetako ibilbideari erreparatuz gero, logika eta koherentzia luke pausoak. Badago bermerik: Kultur Mahaia

1. pausoa: 1998

Lehenik eta behin kultur taldeek betidanik egindako lan eskerga aitortuz, 1998an du sorburua estrategia artikulatuak, Uztarria Kultur Koordinakundearen sorreran. Hura eratzeko garaian, parte hartzearen teorietan gorriz azpimarratu genuen Ezequiel Ander-Egg soziologoaren aipu hau: "No estar en algo, sino decidir en algo" ("Ez egon zerbaiten, baizik eta zerbaiten erabaki"). Uztarriaren egitasmoa euskara, komunikazio eta kulturako talde eta norbanakook abiatzean, ez genuen aholkulari izan nahi, ez nonbait egon, baizik eta geuk egin, geuk erabaki; udalarekin-eta elkarlanean bazen, hobeto. 

2008an bukatu genuen koordinakundea; besteak beste, bide bat egiten hasia zen Kultur Mahaiak kapitaliza zezan dagokion esparrua. 1998-2008 artean lorpen asko izan ziren Azpeitian: herri aldizkaria, webgunea, Hitza egunkaria, euskararen normalizaziorako egiturak, plangintzak eta kontzientziazio ekimenak, kultur azpiegiturei buruzko lanak, kulturaldiak... Baina 2011n aitortu genuen Mondragon unibertsitateko Huheziren Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoko hitzaldian: “Kultura politikoari ematen diogu guk garrantzirik handiena. Parte bakoitzak egindako lanari esker, gauzak beste era batera egiten dira orain Azpeitian”.

2. pausoa: 2008

2006an udalaren ekimenez lehen urrats batzuk egin ondoren, 2008 hasieratik entitate autonomo gisa antolatu eta ibilbide bati ekin zion Kultur Mahaiak. Hasieratik han ziren, oreka emanez bilguneari: herriko 22 kultur taldeak, norbanako batzuk, eta udal taldeak eta udal kultur teknikaria. 

Azpeitiko kultur politika diseinatzea da Kultur Mahaiaren egitekoetako bat, eta 2010ean proiektu handi bat lantzen hasi zen: Sanagustin kulturgunea, hura iraunkorra, erreferentea eta herritarra izateko. 2011tik haren kudeaketa du Mahaiak, udal lehiaketa aterata. Orain, berriz, Soreasu antzokia kudeatzeko lehiaketa publikoa atera du (proiektua). Bi azpiegitura garrantzitsu haien gestioa herri bilguneak izanik, kultur proiektu osoago, orekatuago eta parte hartzaileagoa egiteko baldintzak daude. Kultur Mahaia proiektu programatibo tekniko eta estrategiko batzuk aurrera eramaten ari da, sormena, transmisioa eta diziplina zehatz batzuetan taldeekin-eta elkarlanean proiektu globalagoak bultzatuz.

3. pausoa: 2016 

Hego Euskal Herrian frankismoaren ondoren arkitektura instituzionala eratu behar izan zen, eta garrantzia zeukan kultur arloak ere babes instituzionala eta baliabideak izateak. Aurrerapausoak eman ziren. Baina jadanik 35 urte pasatu dira, eta egituraketa instituzionala ez al dago zaharkitua? 

Kultur arloko bi adibide.

a) Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Kontseilua. 55 kide dauzka. 32 partaide, Jaurlaritzako Kultura sailburuak izendatutakoak dira. Beste 23ak: Jaurlaritzako, EITBko, EAEko hiru aldundietako, hiru hiriburuetako eta Eudeleko ordezkariak, eta Eusko Legebiltzarrak jarritako bost bokal. Aholku organu bat da, ez gehiago.

b) Tabakalera kultur zentroa. Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala daude administrazio kontseiluan, eta Kutxa fundazioak ere pisu handia du egitasmoan; lau kultur eragile munta handiko gauzak erabakitzen...

Administrazioa ez da kultur sortzailea. Kultur talde eta norbanako artistak dira sortzaileak. Administrazioak bestelako zereginak betetzen ditu, inportanteak, Azpeitiko Udalak bezala –eta aitortu behar zaio publikoki ere–. Kulturan, batik bat: programatzaile bat da, azpiegiturak dauzka eta diru laguntzak banatzen ditu. 

Huheziren Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak azterlanak funtsezkotzat du kultur esparruaren artikulazioa: diziplina bakoitzekoa zein orokorra. Azpeitian Kultur Mahaiaren baitan dago arloaren artikulazioa, eta orain, bere potentzial guztia garatu dezan, proiektuaren ardura osoa hartu beharko luke. Parte hartze sozialerako pauso erabakigarri horretan, legezko bideak erabiliz udalaren ekarpena litzateke urteko kultur aurrekontua haren ardurapean jartzea –agian, udal liburutegikoa salbu–, eta, egoki joz gero, Udal Kultura Batzordeari bukaera ematea. 

Erne: horrek ez luke esan nahi udalak bere kultur lantaldea desegin beharko lukeenik, aurrerantzean ere segi dezakeelako berak sorturiko ekitaldiak antolatzen (Antzerki Topaketak...), baina Kultur Mahaiaren planteamenduaren baitan betiere. Horixe aldaketa, berritasuna. Gainera, udalak diru publikoaren kontrol lana egiteaz gain, Kultur Mahaian daukan partaidetza indartu ahal du, nahi izatera Jarraipen Batzorde bat ere sor liteke, eta, gainera, pauso berriak gradualki eman litezke. Baina lema, osorik, Kultur Mahaiak izanda.

XXI. mendean gaude. Instituzioei komeni zaie leihoak zabaltzea. Sozialenak diren eremuetan (ere), kultura politikoa sakontzea da gakoa. Demokraziaren balioak indartzea da, azken batean: informazioa, parte hartzea, gardentasuna, eztabaida, elkar-ulertzea, errespetua, kohesioa, ardura...

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide