Dena prest helduen danborradarako

Uztarria.eus 2015ko urt. 19a, 14:08

22:15ean hasiko da gaur, San Sebastian bezpera, helduen danborrada. Danborrada plazan dela, Azpeitiko Gure Esku Dago-ko Lurdes Isart eta Gure Esku Dago-ko idazkari Karmele Olabarrietak omenaldia jasoko dute udaletxeko areto nagusian. Biharko haurren danborradan azaroan hil zen Inazio Agirre Ederti sansebastianetako aurreneko karrozaren egilea omenduko du Udalak. Erlo Telebistak zuzenean emango du helduen danborrada 22:00etan hasita, eta Uztarria.eus-en ikusi ahal izango da.

Iritsi da San Sebastian bezpera, eta ordu batzuk barru hasiko da helduen danborrada. Hain zuzen ere, 22:15ean abiatuko dira talde guztiak (26 danbor talde eta 1.300 lagun) Olazko Andre Mariaren plazatik eta kalez kale ibiliko dira, gauerdia baino zerbait lehenago plazan elkartu bitartean. Plazan ohiko abestiak joko dituzte danbor taldeek, eta Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren abestia ere joko dute, plazatik irten aurretik.

Gure Esku Dago-ren abestia Udal Musika Bandak jo eta hainbat herritarrek abestuko du. Hala nola, Nagore Illarramendik, Jon Gurrutxagak, Jone Urrestillak, Maite Garmendia eta Joxe Mari Arregik jarriko diote ahotsa kantuari. Horrez gain, Azpeitiko Gure Esku Dago-ko Lurdes Isart eta Gure Esku Dago-ko idazkari Karmele Olabarrietak omenaldia jasoko dute udaletxeko areto nagusian.

Bestalde, Landetakoek eta Gure Ametsakoek 50 urte beteko dituzte aurten helduen danborradan, eta bi talde horietako ordezkariek Mikel Sanjuan tailagileak egindako oroigarria jasoko dute.

Erlo Telebistak zuzenean emango du 22:00etan hasita, helduen danborrada. Webgune hontan, Uztarria.eus-en, ikusi ahal izango da.

Umeena bihar

Bihar, San Sebastian egunez, izango da umeen danborrada. 530 bat haur inguruk hartuko dute parte danborradan, eta 12:30ean abiatuko dira taldeak Artzubitik eta Arana kaletik. Umeen danborradaren karroza Goretti eta Leire Iriartek egin dute. Azpeitiko Udal Liburutegiaren 50. urteurrena da karrozaren gaia.

Gainera, haurren danborrada plazara iristen denean, udaletxeko aretoan azaroan hil zen Inazio Agirre Ederti sansebastianetako aurreneko karrozaren egilea omenduko du Udalak.

Bihar gauean bukatuko dira sansebastianak eta helduen sei danbor taldek jaitsiko dute bandera: Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot eta Landeta-Egizale.

Egitaraua

Urtarrilak 19, astelehena. San Sebastian bezpera

  • 22:15. Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, herriko kaleetan zehar helduen danborrada.
  • 00:00. Talde guztiak plazan elkartuta direla, bandera igoko dute udaletxeko balkoian,San Sebastian martxa-ren doinuekin. Danborradaren pieza guztiak joko dituzte ondoren.

Urtarrilak 20, asteartea. San Sebastian eguna

  • 09:30. Txistularien eta Musika Bandaren kalejira, Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek lagunduta.
  • 10:00. Prozesioa.
  • 10:45. Meza nagusia Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan.
  • 12:30. Haurren danborrada, Artzubitik eta Arana kaletik abiatuta.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 00:00. Bandera jaitsiera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide