Sinopsia
Hotzak dauden bost lagun beroaren bila. Haien bizitzetan erabakigarriak izan diren hildakoak, senideak eta maskotak oroituz bilatuko dute falta zaien beroa.
Umorea, poesia bisuala, performancea eta diziplina artistiko ezberdinen arteko elkarrizketan oinarritzen da Su izan nahi antzezlana: pertsonen bizitzak lotzen dituzten hariak jarraituz eginiko bidaia emozional bat.
Fitxa artistikoa
Oholtzan: Idoia Beratarbide, Jabi Barandiaran, Ander Fernandez, Asier Sarasola, Oier Guillan.
Laguntzaileak: Durangoko San Agustin antzokia eta Zumaiako Aita Mari antzokia (ZUBI deialdia).
Kartela: Idoia Beratarbide.
Metrokoadroka kolektiboa
Metrokoadroka hainbat arte diziplinetan gabiltzan hamaika lagunek osatu dugun kolektiboa da. Artistentzako plataforma gisa eta sorkuntzarako elkargune gisa tresn eraginkor bat sortzea da gure asmoa.
Metrokoadrokaren helburua honakoa da: hala arte eszenikoetan nola arte plastikoetan sor daitezkeen proiektuak laguntzea, zabaltzea eta batzuetan sortzea. Beti ere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Arte diziplina ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat.
Metrokoadroka harreman artistikoen sare antolatua da, eta horri esker gauzatzen ditu proiektuak. Sare horretan parte hartzen dugunok banakako edo taldeko proiektuak aurrera atera ahal izateko eskaintzen diegu besteei gure ahala.
Kultura beste modu batean ulertzeko, egiteko eta kudeatzeko beharra dagoela uste dugulako antolatu gara modu honetan. Proiektuak sakontasunez, seriotasunez eta ausardiaz sortzea da gure erronka, auzolanean eta harremanen sareetan oinarrituz gure lana.
Sarrerak: 6 euro aurrez /8 euro egunean. Sanagustin kulturgunean eta Interneten.