Antzerki tailerreko gaztetxoek emanaldia eskainiko dute bihar Sanagustin kulturgunean

Antzerki tailerreko haur eta nerabeen emanaldia izango da ikusgai bihar Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik aurrera. Etxe sorgindua eta Lehengo lepotik burua antzezlanak eskainiko dituzte Txiki Biran egitasmoko seigarren ekitaldian.

Bi lan ikusi ahal izango ditu larunbatean Sanagustin kulturgunera bertaratzen denak: Etxe sorgindua eta Lehengo lepotik burua. Misterio ukitukoa bata, eta errealista bestea. Dantzak, musika zuzenean… denetik izango du emanaldiak. "Umorez zipriztindutako lanak izango dira", azaldu du Alaitz Olaizola antzerki tailerreko kideak. Haur, gazte, heldu… antzerkia gogoko duen edozeini zuzendutako emanaldia izango da. "Herriko haur eta gazte hauek sekulako ilusioa jarri dute lan hauek prestatzen, eta hori apreziatzen dakien edonorentzat saio polita izan daiteke larunbatekoa", adierazi du.

Urtean zehar egindakoa jendaurrean azaltzeko aukera da larunbatekoa gaztetxoentzat, egindako lana jendeari erakutsiz bukaera emateko modua nolabait. Tailerreko partaide guztiek jendaurreko esperientzia hori bizitzea desio dutela dio Olaizolak, sortzen diren sentsazioak "oso bereziak" izaten direlako.

Astean behin elkartzen dira gaztetxoak. Bederatzi kidek osatzen dute txikien taldea, gazteena, berriz, hamairuk. Irail-urrian hasi eta ekainaren hasieran bukatzen dute, azken emanaldiarekin. Olaizolak azaldu duenez, guztien artean erabakitzen dute azken emanaldian zer antzeztu, eta bera arduratzen da gero gidoia idazteaz. Hortik aurrera, entseguetan hasten dira. Txikiek ekaineko emanaldi hauxe egiten dute, eta gazteek antzerki topaketetan ere egiten dute.

Txiki Biran egitasmoa

Sanagustin kulturgunearen eta Udaleko Gazteria Sailaren arteko elkarlanetik sortutako Txiki Biran egitasmoaren baitako ikuskizuna izango da antzerki tailerrekoek larunbatean eskainiko dutena. Baina ez da egitasmo honetan parte hartzen duten lehenengo aldia, izan ere, Animalien ihauteria maiatzeko ekitaldian ere parte hartu zuten. Orduko hartan, Antxieta Musika Eskolarekin elkarlanean aritu ziren antzerki tailerrekoak. Musika eskolako musikariak eta antzerkilariak elkarrekin lanean ikustea ederra izan zela adierazi du Olaizolak. "Horrelakoak sarriago egin beharko genituenaren dudarik ez dut", gaineratu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide