Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren edo Herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren aurkako epaia berretsi du gaur, osteguna. Auzitegi Nazionalak 103 herriko taberna konfiskatzeko emandako agindua berretsi du Gorenak, 35/02 auziko defentsa abokatuek aurkeztutako helegitea atzera botata. Konfiskatzeko agindua duten tabernen artean da Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea. Lau tabernena izan ezik, gainontzekoen aurkako epaiari eutsi eta konfiskatzea agindu du auzitegiak.
Joan den urteko uztailaren 30ean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko tabernen auziko epaia; hogei auzipeturentzat hiru urtera arteko espetxe zigorra eta 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, tartean Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartearen egoitza, "ETAren egitura" finantzatzeagatik.
Auzitegi Gorenaren epaiaren gaineko xehetasunak, Berria.eus-en. Epaia, osorik, hemen.
"Txarrenaren zain geunden"
Orkatzeko kideek ere espero zuten berria. Hala adierazi diote Urola Kostako Hitza-ri. "Txarrenaren zain geuden, Audientzia Nazionalarengandik beti espero dugu txarrena", adierazi dute. Bestalde, nabarmendu dute "injustizia bat" iruditzen zaiela gertatzen ari dena: "Orkatzeko bazkideek, herritarrek, beraien poltsikotik jarritako diruarekin irekitakoa da Orkatz, eta Audientzia Nazionalak itxi du. Nola uler daiteke hori?".
"Denen beharra izango dugu", adierazi dute. Herritar guztiei dei egin diete mobilizazioetan parte hartzera: "Ahal dugun gehiena eutsi behar diogu, defendatu egin behar dugu Orkatz". Orkatzek 58 bazkide ditu, eta datorren astean ospatuko dute 22. urteurrena.