Azken urteetan bezala, aurten ere Marea Arroxak Bakailao Txapelketa antolatu du abuztuaren 1erako eta izena eman daiteke dagoeneko. Zortzigarren edizioa da aurtengoa eta festa batzordeko kideek "parte hartze handia espero" dutela adierazi zuten atzo, astelehena, Zulo Zabal elkartean eskaini zuzten prentsaurrekoan. Elkarte horretan egin zuten agerraldia, bertako bazkide batzuk irabazi zutelako aurreko urteko txapelketa.
Uztailaren 28ra arte eman daiteke izena, norbanako bezala edota elkarte gisa. Horretarako, 943 15 70 68 edo 688 69 40 85 telefono zenbakietara deitu behar da. Parte hartzea mugatua izango da, 40 taldek hartuko baitute parte gehienez. Txapelketan "sukaldari profesionalek ez beste edonork" parte hartu dezaketela azaldu dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek eta sukaldean egunero lanean ari diren guzti horiei dei egin diete "festa giroan euren abileziak plazaratzeko".
Txapelketaren nondik norakoak
Txapelketa 11:00etan hasiko bada ere, sukaldariak 10:45erako plazan egon beharko dute. Festa batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa emango dizkie parte hartzaile guztiei, baina norbanako, talde edo elkarteek beste osagairen bat erabili nahiko balute, eurek eraman beharko dutela azaldu dute Marea Arroxako kideek. Suak eta mahaiak bertan egongo dira eta ontzi eta gainerako material guztia parte-hartzaile bakoitzak eraman beharko du.
Talde bakoitza bi minutuko tartearekin hasiko da bakailaoa prestatzen eta 40 minutu izango dituzte kilo bakailao pi-pil eran prestatzeko. Behin bukatutakoan, saukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den VIII. Bakailao Txapelketako platerik onena. Epaimahaiak, "aurkezpena, saltsa eta zaporea" baloratuko dituztela azaldu dute Marea Arroxako kideek.
Lehen sailkatuak txapela jasoko du eta baita Kiruri jatetxean lau lagunentzako otordua ere. Bigarren sailkatuak, kriantza ardo botila bat eta bi txuleta eramango ditu eta hirugarren sailkatuak, berriz, bi lagunentzako otordua jasoko du Sagasti-Zahar jatetxean. Elkarte irabazleak, aldiz, Bakailao Txapelketako goilare erraldoia eskuratuko du.
Txapelketa amaitutakoan, bertaratutakoek nahiz parte-hartzaileek prestatutako bakailaoak "dastatzeko aukera" izango dutela azaldu dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek. Berdura Plazan izango da bazkaria eta 200 lagunentzat tokia egongo da bertan.