Saninazioak 2015

Zezenketetako kartela "txukun-txukuna" gelditu da

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 29a, 20:34

Uztailaren 31n (ostirala), San Inazio egunez da aurtengo Azpeitiko lehen zezenketa. Abuztuaren 2ra (igandea) bitartean hiru zezenketa izango dira zezen-plazan, 18:30ean hasita.

Aurten ere, ganadutegiak oinarri hartuta antolatu dituzte Azpeitiko zezenketak, batzordeko Jabier Beobidek dioenez. "Aurrena ganadutegiak finkatzen ditugu, eta gero zezen horiei ondo egokituko zaizkien toreroak ekartzen ditugu. Zezenari garrantzia ematen diogu batzordekook, eta gero jendeak ere bide horretatik eraman gaitu, eta noski baita aurrekontuak ere", dio. Aurten ekarri dituzten ganadutegietatik bik errepikatu egingo dute Azpeitiko plazan, "aurreko urtean arrakasta izan badute hurrengo urtean ere etortzea nahi izaten dute". Orokorrean zezenketetako aurtengo kartela "txukun-txukuna" gelditu zaielakoan dago Beobide.

Atzo, uztailak 28, aurkeztu zituzten aurtengo zezenketetako zezenak zezen-plazan, desenkajonamenduan. Aurreko urteetan Santio egunez antolatu izan dute, baina aurten astegun batean izan da. "Lehenago eginda egun askotan egon behar izaten dute zezenek zezen-plazako ukuiluetan, eta horrek arrisku bat du eta gastu gehiago ere bai: seguruekin eta abar. Iaz, esaterako, bi zezen hil ziren ukuiluetan. Gaur egun Azpeitian bakarrik egiten da desenkajonamendua, hemen usadioa da, eta jendeari gustatzen zaio zezenak ikustea", esan du zezenzale batzordekoak. Desenkajonamendua ikusteko jende asko bildu zen atzo zezen plazan, eta aurretik jende ilara luzeak egon ziren.

Irakurri erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide