Bezperako festa luzearen hondarrek eta zaindariaren eguneko jai egitarauaren aurreneko hitzorduek bat egin dute aurten ere San Inazio egunez Azpeitian. Parrokiatik abiatuta Alde Zaharreko kaleetan ibili den prozesioa izan da eguneko lehen ekitaldi nagusia. Azkenean, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina izan da prozesioa zein ondorengo meza gidatu dituenak, eta udal ordezkaritzak ere hartu du parte ekitaldietan.
Meza garaian, plazan eguneko kirol erakustaldiaren garaia izan da. Kimura judo klubekoek kioskoaren aurrean jarri dute tatamia eta hainbat ariketa egin dituzte bertan. Meza bukatu eta udal korporazioa Sanagustinpera abiatu ondoren, berriz, Zezen Beltzekoen entzierro txikiaren eta zezen jolasen txanda iritsi da Done Jakue kalean.
San Inazio egunez eguerdi partean hutsik egiten ez duena da Musika Bandaren kontzertua. Sanagustin kulturguneko saioa, gainera, bereziki hunkigarria izan da gaurkoan, omenaldi bikoitzarekin eta pieza berri baten estreinaldiarekin.
Horrela, Lorentxo Etxaniz Kinttela Azpeitiko zezenketetako aguaziltxo zenari eskainitako Alguacilillo de Azpeitia pasodoblea jo du aurreneko aldiz Azpeitiko Bandak. Pieza berria jo ondoren, egileetako bat den Agustin Jimenez Bandako kideak pasodoblearen partitura oparitu die Etxanizen alargunari eta alabari; Udalak ere hartu du parte omenaldian, Etxanizen etxekoei lore-sorta bat oparituz. Baina ez da hori izan kontzertuaren barruko omenaldi bakarra: Iñaki Alberdi klarinete jotzaileak 65 urte bete ditu Bandan, eta hark ere jaso du merezitako aitortza, kontzertuaren amaieran.
San Inazio egunari ordu asko geratzen zaizkio oraindik, baita festa egitarau luzea ere. Hona hemen arratsalde partekoak:
14:30ean Txomingero bazkaria, Erdikalean.
17:00etan Txiki-Chef sukaldari tailerrak gaztetxoentzat, plazan.
17:30ean zezenketen kontrako elkarretaratzea zezen-plaza aurrean.
18:00etan Txomingero jolasak Eguenero Elektrotxarangak lagunduta
Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue Kalean, Zezen Beltz Taldeak antolatuta.
18:30ean zezenketa.
19:00etan Oria txaranga kaleetan zehar eta zezenketak bukatu ondoren kalejira bikaina.
22:00etan Kaluse taldearen kontzertua txosnagunean.
Ondoren, Ernai-ren ekitaldia.
23:00etan eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
Bigarren su festaA, Pirotecnia Astondoa (Bizkaia) etxe ezagunaren eskutik.
23:30ean Anje Duhalderen emanaldia, plazan.
Elustondo anai-arrebekin erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
00:30ean Las Tuerkas taldearen kontzertua txosnagunean.
01:30ean Osso taldearen kontzertua txosnagunean.