Jokin Urangak irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako azken saioa

Uztarria.eus 2015ko urr. 12a, 12:34

Jokin Uranga Andoaingo saioan. (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Urangak 457,5 puntu eskuratu zituen atzo, igandea, Andoaingo Bastero kulturgunean jokatutako saioan. Saioa irabazita, final laurdenetan izango da Uranga, beste 22 bertsolarirekin batera. Horien artean da Beñat Lizaso, Lasarte-Oriako saioa irabazi baitzuen azpeitiarrak. 

Atzo, igandea, jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako seigarren eta azken saioa. Andoainen izan zen saioa, eta Jokin Uranga bertsolari azpeitiarra nagusitu zen. Horrenbestez, final laurdenetan izango da azpeitiarra, zuzenean sailkatuta. 

Urangak 457,5 puntu eskuratu zituen Bastero kulturguneko saioan (final zortzirenetako saioetan puntu gehien bildu dituen bertsolaria da Uranga), eta haren atzetik Asier Azpiroz sailkatu zen, 430,5 punturekin. Hirugarren izan zen Unai Gaztelumendi (423,5 puntu), laugarren Gemma Urteaga (410 puntu), bosgarren Iban Esoain (405 puntu) eta seigarren Antton Fernandez (367,5 puntu). 450 bat lagun elkartu ziren Andoaingo saioan.

Bukatu da final zortzirenetako fasea, eta 23 bertsolarik lortu dute final laurdenetara sailkatzea. Horietatik seik saioa irabazita eta gainerakoek, puntuazioaren arabera. Horiei 2011ko txapelketan lorturtutako postuari esker Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirreb gehituko zaizkie lehiara final laurdeneko fasean.

Bi azpeitiarrek hartu dute parte final zortzirenetan, eta biek zuzeneko pasea lortu dute: Beñat Lizasok Lasarte-Oriako saioa irabazita eta Jokin Urangak Andoaingoan gailenduta.

Asteburu bateko atsedenaldialdiaren ostean, urriaren 24an, hasiko dira final laurdenetako saioak Urretxu-Zumarragan eta azaroaren 8an amaituko dira, Eskoriatzan. Fase horretan bost saio izango dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide