Finkatu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren data. Abenduaren 19an jokatuko da eta ez 20an, hasieran iragarrita zegoen moduan. Izan ere, abenduaren 20rako Espainiako hauteskundeak deitu dituzte eta horren aurrean finala egun bat aurreratzea erabaki du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.
Ilunben izango da saioa, 17:00etan hasita eta zortzi bertsolarik hartuko dute parte. Oraindik ikusteko dago zeintzuk izango diren zortzi bertsolari horiek. Txapelketa final laurdenen atarian da. Izan ere, bukatu da final zortzirenetako fasea, eta 23 bertsolarik lortu dute final laurdenetara sailkatzea. Horietatik seik saioa irabazita eta gainerakoek, puntuazioaren arabera. Horiei 2011ko txapelketan lorturtutako postuari esker Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre gehituko zaizkie lehiara final laurdeneko fasean.
Bi azpeitiarrek hartu dute parte final zortzirenetan, eta biek zuzeneko pasea lortu dute: Beñat Lizasok Lasarte-Oriako saioa irabazita eta Jokin Urangak Andoaingoan gailenduta.
Asteburu bateko atsedenaldialdiaren ostean, urriaren 24an, hasiko dira final laurdenetako saioak Urretxu-Zumarragan eta azaroaren 8an amaituko dira, Eskoriatzan. Fase horretan bost saio izango dira. Urangak Zestoako final zortzirenetako saioan kantatuko du, hilaren 31n. Pilotalekuan izango da saioa eta azpeitiarrarekin ondorengo bertsolariak izango dira oholtzan: Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Jon Maia, Manex Mujika eta Nahikari Gabilondo. Aldiz, Beñat Lizaso Eskoriatzan izango da azaroaren 8an. Saioa bertako kiroldegian izango da eta hurrengo bertsolariak ariko dira kantuan: Manu Goioaga, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal.
Sarrerak salgai asteazkenean
Urriaren 21etik aurrera jarriko dituzte salgai finalerako sarrerak eta azaroaren 20a bitartean izango dira eskuragarri. Gainerako saioetarako bezala, sarrerak Internetez erosi ahalko dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Horrez gain, herrialdeko hainbat lekutan ere salgai egongo dira finalerako sarrerak. Azpeitian, adibidez, Sanagustin kulturgunean erosi ahal izango dira. Gaztetxoen sarrera 10 euro ordaindu behar da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 15 euro, eta gainerakoena 20 euro.