Jokin Urangak Zestoan kantatuko du bihar, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako saioan

17:30ean hasiko da saioa Zestoako pilotalekuan. Urangarekin batera, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidea den Eneritz Artetxe azkoitiarra, Alaia Martin, Jon Maia, Manex Mujika eta Nahikari Gabilondo izango dira kantuan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdena izango da Zestoakoa. Asier Iriondo izango da gai-jartzailea, eta saio hau irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da abenduaren 6an Eibarren jokatuko den azken finalaurrekora. Biharkoaz gain, beste kanporaketa bat ere jokatuko da asteburu honetan, igandean, azaroak 1, 17:30ean, Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuan.

Urriaren 11n, Andoaingo Bastero kulturgunean jokatu zen saiotik zuzenean sailkatu zen Uranga, 457,5 punturekin final zortzirenetako azken kanporaketa irabazita. Berarekin batera, beste azpeitiar bat ere bada Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetan, Beñat Lizaso hain zuzen. Lasarte-Oriako saioa irabazita zuzenean sailkatu zen Lizaso azaroaren 8an Eskoriatzan jokatuko den kanporaketara. Final laurdenetako azken saioa izango da hau, eta Manu Goiogana, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal izango dira oholtza gainean azpeitiarrarekin batera.

Pasa den asteburuan hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako fasea. Urretxun eta Oreretan jokatu ziren kanporaketak, larunbatean eta igandean. Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi nagusitu ziren hurrenez hurren, Zarautzen eta Tolosan jokatuko diren finalaurrekotarako txartela zuzenean eskuratuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide