Eskoriatzan kantatuko du Beñat Lizasok igandean, final laurdenetako saioan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken final laurdena jokatuko da igandean, azaroak 8, Eskoriatzan. Beñat Lizaso, Manu Goiogana, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal izango dira bertsotan. Aurkezle lanetan, berriz, Iban Narbaiza. 17:30ean hasiko da saioa, Manuel Muñoz kiroldegian.

Eskoriatzako saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 29an Tolosan jokatuko den finalaurrekora. Eta azken final laurdena izanik, saioa amaitu bezain laster jakingo da zeintzuk izango diren finalaurrekoetara sailkatuko diren 18 bertsolariak ere. Fase honetako saioetan irabazle izan diren Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Nahikari Gabilondo eta Ander Lizarralde zuzenean sailkatuko dira, baita puntuazioaren arabera lehenengo 13 postutan sailkatu diren bertsolariak ere.

Beñat Lizaso zuzenean sailkatu zen igandeko kanporaketara, Lasarte-Oriako saioa irabazita. Berarekin batera, beste azpeitiar bat ere bada Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako fasean, Jokin Uranga. Honek pasa den larunbatean, urriak 31, abestu zuen Zestoan, eta laugarren sailkatu zen, 475 punturekin. 16. postuan dago momentuz sailkapen orokorrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide