Antxieta Arkeologi Taldeko kideek azaldu dutenez, Aranzadi Zientzia Elkarteak zirikatuta abiatu zen liburua argitaratzeko ideia. 2013ko udazkenean piztu zen ideia, taldeko kideek urte hartako Azoka Herritik egitasmoaren baitan antolaturiko tailerraren haritik. Urtebete beranduago, 2014ko udazkenean, Udalak ekin zion liburuaren ekoizpen lanari. Antxieta Arkeologi Taldearen zuzendari Maria Jose Iriartek eta Alvaro Arrizabalagak izan dute liburuaren nondik norakoa zehazteko ardura.
Hilabeteetako lanaren ostean, liburua argitaratuta dago jadanik, eta larunbatean aurkeztu da. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen sarrerak irekitzen du liburua, eta Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakariaren hitzaurrearekin jarraitzen du. Taldearen 50 urteko kronika dator ondoren, hamarkadaka banatuta, bakoitzean egindako aurkikuntzen eta ibilitako jendearen errepasoa eginez.
Jarraian, Antxieta Arkeologi Taldearen aurkikuntza azpimarragarrienak eta taldekideen testigantzak aurkituko ditu irakurleak. Eta 50 urte bete dituen taldearen lana gizarteratzeak duen garrantzia azpimarratuz amaitzen da liburua, Urola bailararen historiaurrea ezagutarazteko helburuz eginiko Hezurren Egia proiektuari aipamena eginez. Egitasmo hau 2015eko urtarrilean aurkeztu zen, eta Ingurugiro Etxean dago kokatuta honi buruzko informazio-gune nagusia.
Liburua osatzeko zailtasunez galdetuta, argazki falta aipatu dute taldekideek. Hasieran kamerarik ez zutelako, eta 50 urteko ibilbidea egingo zuten ikuspegirik ere ez zutelako beharbada. Eta kamerak zituztenean ere, arazoak izan zituztela azaldu dute, egungoen kalitaterik ez zutelako, diapositibak izorratu zitzaizkielako… Hala ere, irudi eta testigantza asko biltzen ditu liburuak, mende erdi lanean gozatu duen taldearen historia kontatzearekin batera.