Beñat Lizasok igandean kantatuko du Tolosan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan

Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Unai Agirrerekin batera izango da azpeitiarra, Tolosako Usabal kiroldegiko oholtzan. 17:30ean hasiko da finalaurrekoetako bigarren saioa.

Pasa den igandean hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan fasea, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Alaia Martin nagusitu zen bertan, eta abenduaren 19an Donostiako Illunben jokatuko den finalerako txartela lortu du oiartzuarrak. Tolosakoa izango da fase honetako bigarren saioa eta bertan irabazten duen bertsolaria ere zuzenean sailkatuko da finalera. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Txapelketako hirugarren saioa izango du Beñat Lizasok Tolosakoa. Lasarte-Oriako final zortzirenetan abestu zuen lehenengo, eta final laurdenetara zuzenean sailkatu zen, saioa irabazita. Eskoriatzan abestu zuen hurrengo fasean, eta 485,5 punturekin bigarren egin zuen, Unai Agirreren atzetik. Puntuazio horri esker, aste honetan jokatuko den finalaurrekora sailkatu zen azpeitiarra.

Tolosako finalaurrekoaren ondoren, abenduaren 6an jokatuko da azken finalaurrekoa, Eibarren. Hortik aterako da abenduaren 19ko finalean kantatuko duen zortzikoa, finalaurreko saioetako irabazleen, eta puntuazioz lehenengo bost postuetan sailkatu diren bertsolariekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide