Joan den asteartean, San Eloi Egunez, hasi zituzten festak Landetan eta atzora arte izan dute zer ospatu auzoan. Herenegun, esaterako, mendi bizikleta irteera egin zuten 30 bat lagunek. Landetatik Azkarate gainera joan ziren. Handik Madariaga auzora igo eta berriro Azkaratera itzuli ostean, Landetara itzuli ziren txirrindulariak. Bi ordu eta erdi inguruko itzulia egin ondoren, hamaiketakoa egin zuten Erreka Bike dendaren aurrean. Eguerdian, berriz, baba-jana egin zuten, Erreka Bikek antolatuta. Bestalde, asto-jana ere izan zen Mendizabal erretegian.
Atzo, berriz, zezen txikiak eta Gorrititen abereak izan ziren Landetan. Eta 13:00etan hasita, herri kirol erakustaldia izan zen. Aizkolaran Otaegi eta Larrañaga aritu ziren, harrijasotzen Xabier Gusta eta Goenatxo III.a eta Mendizabal eta Eliasen ahaleginaz ere gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Horrez gain, Aresoko neskak Landetako nesken kontra aritu ziren trontzan, eta bertsolariek eta trikitilariek alaitu zuten giroa.