Gabonetarako egitasmo ugari antolatu dute hainbat eragilek elkarlanean

Uztarria.eus 2015eko abenduaren 14a

Eragile desberdinetako kideak.

Gabonak ate joka dira dagoeneko, eta herriko hainbat eragilek elkarlanean egitasmo ugari antolatu dute datozen asteetarako. Besteak beste, haurrentzako jolas parkea, Gazteria Sailak antolatutako ekintzak, Jolastek tailer teknologikoak, Azoka Herritik eta Olentzero eta Mari Domingirekin kalejira nahiz Erregeen kabalkada izango dira datozen asteetan herrian.

Datorren asteburuan Azoka Herritik izango da Sanjuandegin ostiralean eta zapatuan. Bertan Merkatari Elkartekoak Gabonen bueltan antolatu dituen ekimenez gain, Gabonetarako ekintzak antolatu ditu Gazteria Sailak eta Jolastek tailer teknologikoak ere izango dira Urolabek antolatuta. Gainera, Mari Domingiri ongietorria eta Olentzerorekin eta Mari Domingirekin kalejira nahiz Erregeen ohiko kabalkada ere egingo dituzte abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean, hurrenez hurren.

Jolastek tailerra

Dagoeneko amaitu da Gazteria Sailak abenduaren 28tik 30erako antolatu dituen ekintzetan izena emateko epea, baina Jolastek tailerretan parte hartzeko izen-ematea zabalik da oraindik ere. DBHko ikasleei zuzendutako tailerrak izango dira abenduaren 22an, 23an eta 24an, eta abenduaren 19a baino lehen eman behar da izena Gazte Informazio Bulegoan. Hilaren 22an 16:00etatik 19:00etara izango da saioa, abenduaren 23an egun osoz eta 24an, berriz, goizez egingo dute tailerra 10:00etatik 13:00etara bitartean. Tailerretan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da, eta egitasmoaren helburua da teknologia berriak modu arduratsuan erabiltzen irakastea. Horretarako, gaztetxoei robotikaren oinarriak azalduko dizkiete, talde lana sustatuz.

Olentzero eta Mari Domingi

Abenduaren 24an iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Azpeitira. Goizean, 12:30ean Mari Domingi plazan izango da Olentzerorentzat gutunak jasotzen. Ondoren, 17:00etan hasita, Olentzero eta Mari Domingik kalejira egingo dute Arana kaletik abiatuta, eta erraldoiek nahiz txistulariek, ttuntturroek, musika eskolako trikitilariek lagunduta kalejira egingo dute Alde Zaharrean. 17:30ean plazan geldialdia egingo dute eta Itsasiko dantzariek Aurreskua egingo diete bi protagonistei. Gainera, bertsotan ariko da Sebastian Lizaso eta Olentzerori eta Mari Domingiri hainbat abesti kantatuko dizkiete bertaratzen direnek. Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Frontoi Txikian egingo da.

Erregeen kabalkada

Urteroko legez urtarrilare 5ean Lasaotik trenez iritsiko dira Erregeak herrira, baina bezperan, urtarrilaren 4ean, horien pajeak izango dira eskutitzak jasotzen udaletxeko arkupeetan, 17:30etik aurrera. Hurrengo egunean, urtarrilaren 5ean, 17:30ean iritsiko dira Erregeak Burdinbidearen Euskal Museora, trenez. Aurretik, 17:00etan, hartuko dute horiek trena Lasaon. Gero, 19:00etan hasiko da kabalkada igerileku aurretik, eta musika eskolako, Urola ikastolako eta Iraurgi ikastetxeko ikasleek lagunduta egingo dute kalejira. 20:00ak inguruan iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira hiru Erregeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide