Kontxu Odriozola hil da

Uztarria.eus 2016ko ots. 5a, 13:35

Kontxu Odriozola (ETB)

Azpeitiar aktorea 70 urterekin zendu da, minbizi baten ondorioz. Uztarriak joan den abenduan egin zion elkarrizketa, Goenkale-ren amaiera zela eta. Uztarria Kultur Koordinakundeak ohorezko bazkide izendatu zuen 2006ean, Azpeitiko ikastolaren sorrerako andereñoetakoa izan zelako. Gorpua Donostiako Errekaldeko beilatokian egongo da larunbateko 13:00ak arte; gero, erraustu egingo dute. Ez da Odriozolaren aldeko hiletarik izango, baina antzerkigintza eta zinemako kideek hura omentzeko ekitaldia egingo dute aurki.

Kontxu Odriozola (Azpeitia, 1945) gaur, ostirala, hil da, minbizi baten ondorioz. Donostian bizi zen. Aktore ezaguna, antzerkian hainbat lan egindakoa, ETBko Goenkale telesailean Maria Luisa Galardiren rola eginez egin zen ezagun. Hain zuzen ere, Uztarriarrekin hitz egin zuen azpeitiarrak joan den abenduan, Goenkale-ren amaiera zela eta. 11 urtez egin zuen lan Goenkale-n Odriozolak eta, urte haietan lankide izandako aktoreekin harremana mantentzen al zuen galdetuta, zera zioen: "Bai, noski. Ia egunero deitzen dit norbaitek. Inoiz ez nuen pentsatuko horrenbeste maite nindutenik. Negargura eta dena ematen dit. Goenkale-n ezagututako jende askok deitzen dit zer moduz nagoen galdetzeko. Nire neskamearena egiten zuenak, Yannic Vergarak, adoratu egiten nau eta baita bere semearena egiten zuenak ere".

Kontxu Odriozolaren bizitzaz eta aktore ibilbideaz liburua argitaratu zuen Azpeitiko Udalak 2002an, Euskal Antzerki Topaketen XX. edizioan. Pako Aristik idatzi zuen liburua Uztarria.eus-en liburuen atalean irakur daiteke. Aktore lanagatik omenaldi bat baino gehiago ere jaso zuen azpeitiarrak. Euskal Telebistak Donostiako Kursaalean egin ziona izan zen horietako bat, 2005ean. Azpeitian ere omendu zuten, Antzerki Topaketetan, Soreasu zaharrean. Gehien gustatzen zitzaiona eginez hartu eta eskertu zuen omenaldi hura: oholtza gainera igo eta bakarkako saioa eskaini zuen egun hartan.

Ikastolako lehenengo andereñoetakoa

Baina aktore lana ez da izan Kontxu Odriozolari omenaldiak ekarri dizkion bakarra. Izan ere, Mari Tere Garmendiarekin batera, aurten 50 betetzen dituen Azpeitiko lehen ikastolaren aurreneko andereñoetakoa izan zen. Horregatik, hain zuzen, Uztarria Kultur Koordinakundeak ohorezko bazkide izendatu zituen biak, 2006ean. Iazko saninazioetan, Udallak ikastolaren 50. urteurrena ekarri nahi izan zuen gogora txupinazoan, eta Odriozola udaletxean izan zen, gonbidatuen artean.

Berria-ren artikulua

Gara-rena

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide