Oinatz Elkarte Animalistaren adierazpena, ahari jokoak direla eta

Animalien erabilera tartean duten ekintza guztiak eztabaidan jartzea eskatzen dugu, zezen-plazaren kudeaketa berrantolatzea, eta animaliekin egiten diren astakeriak alde batera uztea.

Ahari jokoen inguruan egun hauetan oihartzun handia sortu duen berriaren harira, Oinatz Elkarte Animalistak zera adierazi nahi du:

Jakina da, gure herrian betidanik egin izan direla modu horretako ekintzak bertako zezen-plazan, jaiegunetan bereziki, eta gaur arte dihardutela. Orain eztabaida Equo taldekoek sortu dute, salaketaren bidez. Esan behar dugu Oinatz taldeak, elkarte animalista izanik, beraiekin bat egiten dugula.

Dena den, duela bost hilabete udaletxean izan ginen, ahari jokoei zein gure taldearekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egiten, ea jarduera horiek legezkoak diren azalpenak eskatuz, eta Udalaren egitekoaren inguruko ardura planteatuz.

Esan behar dugu, ez zaigula gustatu Udalaren komunikatua, adierazten duenean "guk ez genuen antolatzen", "aztertzen ari gara", orain ez dira egiten"... Gogorarazi nahi diogu, zezen-plaza udal egoitza dela, eta Udalak ardura duela bertan antolatzen diren ekintzen gainean. Bat egiten dugu, ordea, adierazten duenean ez duela inondik inora ere animalien gaineko tratu txarrik onartuko.

Beraz, eskatzen dugu animalien erabilera tartean duten ekintza guztiak eztabaidan jartzea, zezen-plazaren kudeaketa berrantolatzea, eta animaliekin egiten diren astakeriak alde batera uztea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide