Gaur, ostirala, jokatuko da VIII. Erniarraitz Sariketako finala Azpeitiko Gaztetxean. 22:00etan hasita, kantuan arituko dira Jon Gurrutxaga, Oihana Iguaran, Gemma Urteaga, Amaia Iturriotz, Unai Mendizabal eta Aitor Salegi bertsolariak.
Otsailaren 14an hasi zen aurtengo Erniarraitz Sariketa eta joan den astean amaitu ziren kanporaketak. Lehen saioa Sanagustin kulturgunean izan zen eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra nagusitu zen, eta finalerako sailkatu zen zuzenean. Bigarren kanporaketa Azkoitiko Kultur-Etxean jokatu zuten otsailaren 21ean eta orduan Oihana Iguaranek eskuratu zuen finalerako txartela. Azken kanporaketa joan den igandean, otsailak 28, izan zen Errezilgo Borondegin eta Gemma Urteagak irabazi zuen.
Hiru kanporaketak irabazi zituzten bertsolariak zuzenean sailkatu ziren finalerako. Gainerakoek, kanporaketetan lortutako puntuazioei esker lortu dute finalean izatea.
Bi urtetik behin izaten da Erinarraitz sariketa. 2014an jokatu zen azken Erniarraitz sariketa eta Amaia Iturriotzek jantzi zuen txapela orduan. Nerea Ibarzabal, Nekane Zinkunegi, Eneritz Artetxe, Saioa Alkaiza eta Josu Oiartzabal Xenpelar ere izan ziren finalean.