Agertoki erdian mahai bat oihal gorri batekin apainduta, gainean hiru kandela piztuta sei krabelin gorriren ondoan.
Xabi Bordak bikain hasi zuen ekitaldia eta berak irakurri zuen testuarekin malkoei eutsi ezinda egon ginen. Eskerrik asko, Xabi!
Gero Oihana, Eider, Aitor, Irati, Alaitz eta Aitorrek jarraitu zuten testigantzak irakurriz, sentikortasun handiarekin eta Felipe Murilloren biolinaren soinuak lagunduta. Hitzak eta musika primeran itsatsita. Momentu liluragarria izan zen. Eskerrik asko!
Eñaut Elorrietaren txanda hurrena. Gernika kantarekin hasi zuen emanaldia. Bonbardaketako egun hura gogoraraziz. Abesti osoan atte gogoan, han egon zelako egun madarikatu hartan. Baina, Eñautek, bere abestiarekin ederki deskribatu zuen bonbardaketako eguna. Eskerrik asko, Eñaut!
Eskerrak eman behar, nola ez, Aranzadiko Juantxo Agirreri eta Javi Bucesi egiten ari zareten lan izugarriagatik, zuen lanari esker matxinada eta diktadura frankistaren ondorioz hainbeste urtetan "burumakur eta zapalduta" eduki zituzten azpeitiarrei duintasuna eman diezuelako. Eta mila esker, baita ere, Eneko Etxeberria alkateari, proiektu hau aurrera eraman duelako.
Eta bukatzeko, eskerrak baita ere ekitaldi bukaeran aurreskua dantzatu zuten bi dantzariei. Eta ezin ahaztu Basilio Urbistondok txapela kendu zuen momentu hura, dantzariek aurreskua hasi baino lehen. Keinu horrekin, askatasunaren eta errepublikaren alde borrokatu zuten azpeitiar guztiei agur eta ohore egin zenien!