Ate irekien jardunaldia izango da asteazkenean Soreasun, sormen gunearen eraikitze prozesua azaltzeko

Uztarria.eus 2016ko ekainaren 20a

18:30ean izango da ate irekien jardunaldia, eta saioaren helburua da sormen gunea eraikitzeko prozesuan orain arte eman diren pausoak azaltzea. 

Soreasu antzokiko ateak zabalduko dituzte asteazkenean, ekainak 22, Soreasuko sormen gunearen eraikitze prozesuan orain arte emandako pausoak azaltzeko. Ate irekien jardunaldiari 18:30ean emango diote hasiera, eta herriko norbanako eta eragileekin bildu ostean, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak jaso dituzten proposamenak azalduko dituzte: "Guztion artean osatzen ari garen sormen gunearen argazki orokorra azaldu nahi dugu", azaldu dute Kultur Mahaiko ordezkariek. Horrez gain, eraikina ere ikusiko dutela jakinarazi dute.

Soreasu kulturaz eta sormenez betetzeko proiektua ikasturte hasieran abiatu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak. Ordutik, herriko kultur arloko eragile eta norbanakoekin elkartu dira "beharrak, asmoak eta ideiak elkarbanatuz" sormen gunearen proiektua osatzeko: "Maiatzaren 14an egin zen batzarra sormengunearen inguruko monografikoa izan zen, eta ordutik, han jasotako hariei tiraka aritu gara lanean, proiektuaren oinarriak sortzen", azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.

Sormena bultzatuz

Kultur Mahaiak eta Udalak elkarlanean "sormenari bultzada emateko" hainbat proiektu jarri dituzte martxan. Alde batetik, sormen gunea eraikitzeko prozesua, eta bestetik, Sorkuntza Beka. "Bekaren xedea da sortzaile berriei beren proiektuak gauzatzeko aukera eskaintzea", proiektuaren sustatzaileen hitzetan. Guztira, hamar proiektu aurkeztu zituzten deialdira eta horietatik bost aukeratu zituen epaimahaiak. Joan den maiatzean jakinarazi zituzten Sorkuntza Bekaren irabazleak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide