Ilunpeko pilotariek asteburu betea dute Hernanin

Uztarria.eus 2016ko ekainaren 24a

Ilunpeko pilotariak. (ILUNPE PILOTA ELKARTEA)

Bihar, Gipuzkoako Herriartekoaren finalaurrekoaren itzulerako partidak jokatuko ditu Azpeitiak, Hernaniren kontra. Igandean, berriz, Berria txapelketaren finalean lehiatuko dira azpeitiarrak, Doneztebeko Errekakoen kontra.

Asteburu bete-betea dute aurretik Ilunpe elkarteko pilotariek. Gipuzkoako Herriartekoaren finalerako txartela eta Berria txapelketaren garaikurra jokoan izango dituzte Azpeitiko pilotariek zapatuan eta igandean, hurrenez hurren, eta bi hitzorduak Hernanin dituzte.

Bihar, zapatua, 19:00etan hasita jokatuko dute Hernanik eta Azpeitiak Herriartekoaren finalaurrekoaren itzulerakoa, Hernaniko udal pilotalekuan. Azpeitiak lanak ondo aurreratuta utzi zituzten joanekoan, Frontoi Txikian, 3-0 irabazita. Finala ziurtatzeko, ordea, borobildu egin behar, eta horretan ahaleginduko dira bihar.

Herriartekoari dagozkionak bukatu eta 24 ordu baino lehen itzuliko dira Ilunpekoak Hernaniko frontoira. Igandean, izan ere, kluben arteko Berria txapelketaren finala jokatuko dute, 17:00etan hasita. Han, Doneztebeko Erreka elkartekoak izango dituzte aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide