Azaroan amaitu zen Denon Artean prozesuan ekarpenak egiteko aukera. Bi helbururekin ekin zion prozesuari Udalak: Batetik, "2017ko aurrekontuen bidez herritarren beharrei erantzuteko eta ekarpenak, ideaik eta proposamenak kontuan izateko", eta, bestetik, "2015-2025 Plan Estrategikoaren baitako zenbait arlo eguneratzeko, sakontzeko eta egokitzeko". Eta behin amaituta, horren inguruko "balorazio positiboa" egin du Azpeitiko Udalak.
Gehienbat, herritarrek beren eskaera edo ekarpen zuzenak egin dituztela azaldu du Josu Labaka parte-hartze zinegotziak: "Herritarrei begira egin ohi dugu azken urteotan prozesua. Normalean, eskaera zehatzak egiten dizkigute, eta aurten ere horrela izan da". Orain, eskaera horiek aztertzen ari direla azaldu du, eta "ahal den heinean" arazoak konpontzen saiatuko direla.
Horrez gain, Denon artean herritarren parte-hartze bidez egiten den prozesua izan arren, parte-hartzea urte osoan lantzen dutela gogorarazi du Labakak. Eragileekin mahaien bidez edo egiten dituzten beste hainbat bileren bidez "harreman zuzena” dutela esan du: "Eragileen eta Udalaren arteko zubiak eginda daude, elkarlanean hamaika proiektu ditugu abian, eta kirol edo kultura mahaiekin ere sintonia onean ari gara lanean".
Artikulua osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.