Datorren ostiralean, otsailaren 3an, hasiko da Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketa. Guztira 38 taldek hartuko dute parte aurtengo edizioan, eta horietatik bi talde Erniarraitz Bertsozale Elkarteko azpeitiarrek osatutakoak dira. Talde batean, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria eta Jokin Uranga bertsolariak arituko dira; Oihana Labiano ordezkaria izango da, Gurutze Oiarzabal gai-jartzaile lanetan arituko da eta Oihana Aranguren epailea izango da (argazkian, behean). Bigarren taldea, berriz, Zestoako bertsolariekin batera osatu dute, eta honakoak izango dira parte-hartzaileak: Oier Etxeberria, Jon Ander Iriondo, Jon Gurrutxaga eta Aitor Salegi bertsolariak, Ane Iriondo gai-jartzailea, Xabier Azpillaga epailea eta Eider Iturralde ordezkaria (argazkian, goian).
Finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko da, maiatzaren 27an. Joan den zapatuan, hilaren 27an, aurkeztu zuten aurtengo Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketa, Sanagustin kulturgunean, eta bertan izan ziren Erniarraitzeko parte-hartzaileak.
Argazkiak: Erniarraitz Bertsozale Elkartea.