Esteban Orbegozo: "Inpresio onarekin gelditu gara, orain zain egon behar"

Uztarria.eus 2017ko ots. 3a, 21:04

Mediku forentsearen deklarazioarekin eta aldeen ondorioen irakurketarekin gaur, ostirala, bukatu da Loiolako herri harresian atxilotutako Esteban Orbegozo azpeitiarraren eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarraren kontrako epaiketa. Joan den urtarrilaren 26an hasi zen epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian, baina orduan izandako atzerapenak luzapena ekarri eta gaurko bigarren saioarekin amaitu da behin betiko.

Azpeitiko Librek deituta, Orbegozori babesa adierazteko eta epaiketa salatzeko elkarretaratzea, eta asanblada egin dituzte iluntzean herriko plazan. Asanbladan, Esteban Orbegozo berak hartu du hitza (argazkian), epaiketa nola joan den azaltzeko. Joan den osteguneko saioan deklaratu zuten Orbegozok eta Hach Embarekek. Orbegozok nabarmendu du ertzainek, epaiketan "frogarik ez" aurkezteaz gain, gertatutakoaren gaineko bertsio kontrajarriak eman dituztela. Bai auzipetuak eta bai haien defentsa epaiketa nola joan den ikusita nahikoa gustura gelditu direla ere esan du: "Inpresio onarekin gelditu gara, orain zain egon behar". Epaia dena delakoa izanda, beren abokatuek "seguruenez" errekurtsoak egongo direla ohartarazi dietela ere esan du, alde batekoak ala bestekoak.

Akusazioak 21.292 euroko kalte ordainak eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du bi auzipetuentzat, autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Fiskalak, aldiz, zortzi hilabeteko zigorra eskatu du Orbegozorentzat eta Hach Embarekentzat, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik. Fiskalak eskaera leunagoa mantentzea modu positiboan baloratu dute bai Orbegozok, bai Azpeitiko Librek. "Epaiaren zain geldituko gara, baina badakigu elkartasuna ez dela delitua", adierazi dute Libreko ordezkariek; herritarrei "adi egoteko" deia ere egin diete, etor daitezkeen mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzera gonbidatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide