Parez pare izango dira Azpeitiko eta Azkoitiko pilotariak gaur, ekainak 2, Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako joaneko partidan. Azpeitiak etxean jokatuko du gaurkoan, Frontoi Txikian, 22:00etan hasita.
Ilunpe Pilota Elkarteak aurreratu duenez, kadete mailan, Unai Alberdik eta Mikel Unanuek ordezkatuko dute Azpeitia; jubenil mailan, Jon Alberdik eta Julen Egigurenek; eta Senior mailan, Daniel Murgiondok eta Oier Apezetxeak.
Gaurkoan partida ikustera hurbiltzen diren herritarrentzat eserleku gehiago egongo dira, grada txiki bat jarriko baitute frontoiaren errebote hormaren atzean, Mugari tabernaren ondoko errepidean, hain zuzen. Gainera, Kontxi arrandegiaren eskutik itsaski-otarrea (mariskada) bat zozkatuko dutela ere aurreratu dute.
Joan den maiatzaren 7an hasi zen Herriartekoa, baina azpeitiarrak zuzenean final zortzirenetan sartu ziren lehian, zozketak hala erabakita. Tolosa izan dute aurreneko aurkaria Azpeitiko pelotariek, eta joaneko partidan zein itzulerakoan Ilunpeko pilotariak nagusi izan ziren.
Iaz bosgarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta. 2004an, 2008an, 2010ean, 2015ean eta 2016an jantzi du Azpeitiak Herriartekoaren txapela. Horrez gain, 2008an eta 2015ean Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek.