Itxi da irudiak eta hitzak uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketara argazkiak aurkezteko epea. Parte-hartzaileek joan den igandera arte zuten argazkiak bidaltzeko aukera. Orain, jasotako argazki guztiak Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek osatutako epai-mahaiaren esku utziko ditu Uztarriak, haiek erabakiko baitute zein diren 2018ko egutegia osatuko duten hamabi irudiak. Horietatik argazki bat nabarmenduko dute, eta horren egileak 150 euroko saria eskuratuko du. Aurten sua, haizea, ura eta lurra izan dira gaiak.
Astelehenean, azaroaren 13an, jakinaraziko du epaimahaiak zein diren aukeratutako hamabi irudiak, eta orduan zabalduko da argazkiei hitzak jartzeko txanda. Miren Gorrotxategi, Xabier Gantzarain eta Alaitz Olaizola arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi aukeratzeaz. Argazkien atalean bezala, nabarmentzen duten testuaren egileak 150 euroko saria jasoko du.
Irudhitzenera aurkezten diren irudietatik eta testuetatik epaimahaiak aukeratzen dituen argazkiekin eta hitzekin, Uztarria Komunikazio Taldeak 2018ko egutegia kaleratuko du. Bazkideek etxean jasoko dute egutegia urtarrileko aldizkariarekin batera. Gainerakoek, berriz, erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi 1). Ondoren, Irudhitzenera aurkeztutako material guztiarekin erakusketa bat prestatuko du Uztarriak, Kulturaz kooperatibarekin batera, Sanagustin kulturgunean.
Aurten, bigarren urtez antolatu du Irudhitzen lehiaketa Uztarria Komunikazio Taldeak, Kulturaz kooperatibarekin eta Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean. Iaz, Maialen Etxanizek irabazi zuen argazkien atala, eta Izaskun Egigurenek hitzena. Orduko hartan ere, herritarrek bidalitako irudi eta testu guztien erakusketa jarri zuen Uztarriak Sanagustin kulturgunean.