Aurten 25 urte beteko dira Orkatz kultur elkartea sortu zenetik, eta urtemuga hori ospatzeko urte osoan zehar denetariko ekintzak egingo dituzte, Orkatzen bertan zein herriko beste hainbat txokotan. Egindako lan guztia eta jasotako fruituak gogoan hartuta ospatuko du kultur elkarteak 25 urteko ibilbidea. Urtemugaren harira, Orkatz 25 urte, libre eta zabalik lelopean agerraldia egin zuten atzo, astelehena, Orkatzeko kideek, herriko hainbat eragilek eta zenbait norbanakok.
1993ko ekainaren 23an zabaldu zituen ateak Orkatz kultur elkarteak, eta orduz geroztik gaur arteko bidean "hainbat oztopo" topatu badituzte ere, ibilbidea "aberasgarria" izan dela nabarmendu zuten Orkatzeko kideek: "Erein genituen haziak ernatu dira, eta kimu ugari eman dizkigute. Ez da erraza izan, baina bai aberatsa. Izan ere, gogoa den tokian, aldaparik ez".
Kultur arloan "gabeziak" zeudela ikusita, "ezkerreko hainbat jende" biltzen hasi zela gogoratu zuten, topakelu baten beharra zutela iritzita. "Gure kezkak eta gure mundu ikuskeraren gune izango zen leku bat behar genuen. Hala, 60 pertsonak bideari ekin genion", adierazi zuten Orkatzeko kideek. Gaur egun, lokala ordainduta dute, eta hori azpimarratu zuten atzoko agerraldian: "Errenta ordaintzen genuen hasieran, eguneroko beharrei aurre egin genion ondoren, baina gaur egun dena ordainduta daukagu. Orkatz gurea da". Orkatz zabaltzearekin batera hasi ziren kultur ekitaldiak eta hitzorduak antolatzen, hala nola hitzaldiak eta kontzertuak. Horren karitik, Azpeitia inguruko musika "talde ia guztien hasiera" Orkatzen izan zela adierazi zuten atzokoan.
Herritarrekin eta eragileekin harremana
"Elkarlanean eta auzolanean oinarrituta" egon da Orkatz. Izan ere, bertako kideen xedea zen eta da beren kezkak gainerako herritarrekin partekatzea. Hala, "urteetako txingurri lan oparoaren ondorioz", gaur egun herritarrekin eta herri eragileekin "harreman ugari" dituztela nabarmendu zuten. Halaber, Orkatzek –beste kultur talde batzuekin batera– Uztarria Kultur Koordinadoraren sorreran parte hartu zuela gogoratu zuten.
Orkatz herritar eta elkarteentzako "topalekua" izan dela azpimarratu zuten: "Beste era bateko herria eraiki nahi dutenentzat bilgune bat izan da, hitz egiteko eta eztabaidarako gunea". Horren harira, kultur elkartearen hastapenetan Gaztetxea eta Sanagustin kulturgunea ez zeudela gogoratu zuten, eta horrenbestez, Orkatzek Azpeitian "garrantzi handia" izan duela azpimarratu.
Tabernan ez ezik, herriko beste hainbat txokotan ere antolatu izan dituzte ekintzak, Soreasu antzokian eta Sanagustinen, kasu. Horregatik, Orkatz "tabernatik kanpo ere lan egiten duen kultur elkartea" dela esan zuten: "Kalearentzat egiten dugu lan, herriarentzat".
Herrikoen auziak estututa, baina "tinko"
25 urteko ibilbidean oztopoak ere izan dituzte, eta horietako bat da Herriko tabernen auzia. Hori, "euskal herritarroi dagokigun Damoclesen ezpata" dela esan zuten Orkatzeko kideek.
Urteetan atzera egin behar da Herrikoen auziaren testuingurua ulertzeko. 2002ko apirilaren 29an Baltasar Garzon epaileak aginduta 11 lagun atxilotu zituen Espainiako poliziak. Hori ez ezik, herriko tabernetan miaketak egin zituzten, 107 diru kontu eta 75 elkarte enbargatu zituzten; tartean Orkatz kultur elkartearen egoitza. Urteetan auzia luzatu ostean, 2014ko uztailaren 30ean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko tabernen auziko epaia. Hogei auzipeturentzat hiru urtera arteko espetxe zigorra eta 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, "ETAren egitura finantzatzea" egotzita. Taberna horien jabetza Espainiako estatuarena izatera pasatu zen orduan.
"Kontuak kontu, egoera honetan gaude, baina tinko eusten diogu gure ibilbideari", adierazi zuten Orkatzeko kideek. Gainera, beren ideiak betetzen "saiatzen" ari direla nabarmendu zuten: "Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten".
Urteurrena ospatzeko egitarau oparoa
Kultur elkartearen urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuko dituzte: hitzaldiak, musika emanaldiak, bertso emanaldiak, herri kirolak, pailazoak, pilota partidak... Guztiak "Euskal Herriaren historiari lotuak" izango direnak. Dena den, ekitaldi nagusiak ekainaren 15ean, 16an eta 17an izango dira, plazan.
Hitzaldiak hilean behineko maiztasunarekin antolatu nahi dituzte, eta dagoeneko bi dituzte hitzartuta. Aurrena, bihar, otsailak 28, izango da. Iñaki Egaña historialariak eskainiko du solasaldia, 1963ko gerra eta frankismoaren ondorioak Euskal Herrian izenburupean. Hurrengoa martxoaren 21ean izango da. Bertan, ezker abertzalearen historia izango du hizpide Floren Aoizek, Iratzar Fundazioaren zuzendariak.
Ekainaren 15rako, 16rako eta 17rako beste hainbat ekintza dituzte lotuta, hala nola Porrotx eta Ekain Txou pailazoen emanaldiak zein Egurra eta Kittoren, The Friday's Crewren, Anjel Duhalderen eta Bad Sound Systemen kontzertuak.
Ekitaldiak gerturatzen ari diren heinean jakinaraziko dituzte prestatutako ekintzen inguruko xehetasunak.