Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna

Martxoaren 8ko greba deialdiarekin bat egin dute Azpeitiko Sortuk eta Ernaik

Martxoaren 8a emakumeek jendarteari egiten dioten ekarpena ikusarazteko eguna izango da. Emakumeek pairatzen duten egiturazko zapalkuntza salatzekoa. Emakumeen aurkako biolentzia eta diskriminazio oro amai daitezen exijitzekoa.

M8a testuinguru berezian iritsi zaigu Euskal Herrira. Espainian dagoen politika ankerrak inguru patriarkatu eta kapitalista batera bultzatzen gaitu. Ongizate mailan ematen ari den atzeraldia, murrizketa politikoak eta erreforma atzerakoiak modu oso gogorrean ari zaie eragiten sektore prekarizatuei eta ikustezinei. Eta badakigu sektore hauetan dagoen gehiengoa emakumezkoa dela. Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu indikadoreek adierazten duten pobreziaren feminizazioa; arrisku faktore izanez emakume izate soila, eta are gehiago gazte edo pentsiodun emakume izatea.

Madrilgo eta PPren gorbernuarekiko dugun dependentziak eragin zuzena du egoera honetan; honek, gure ustez, indartu egiten du Euskal Herriaren burujabetza politiko eta ekonomiko baten beharra dugunaren aldarria. Burujabetza horrek emango lizkigukeen botere eta tresna politikoek lagunduko bailugukete jendarte honen despatriarkalizazioa bultzatzen eta sexuen arteko parekidetasuna lortzen, politika sozial aurrerakoien bidez, berdinen arteko Euskal Errepublika ipar izanda.

Horrenbestez, M8an sakoneko aldaketa politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen duten herritarrak Azpeitiko mugimendu feministak deitutako ekitaldietan parte hartzera deitzen ditugu, plaza bete eta guztiok gogor oihu egin dezagun emakumeen aurkako edozein diskriminazioren kontra gaudela eta bide batez parekidetasun osoaren alde borrokan jarraitzeko dei egiten diegu azpeitiar guztiei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide