Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna

Udalak bat egin du biharko greba deialdiarekin

Uztarria.eus 2018ko mar. 7a, 17:33

Atzoko udalbatzarrean grebaren aldeko boza eman zuten udal ordezkari guztiek. (Azpeitiko Udala)

Udalak bat egin du mugimendu feministak biharko deitutako emakumeen greba deialdiarekin. Atzoko udalbatzarrean aho batez onartu zuten testua EH Bilduk eta EAJk. Udal taldeek ez zuten udal adierazpenik onartu, baina grebari "ekarpena" egin nahi izan diote: erakundeak aurreratu du denboraren erabilera sozialari buruzko azterketa egingo duela datozen hilabeteetan.

Azpeitiko Udalak bat egin du mugimendu feministak biharko deitutako emakumeen greba deialdiarekin. Atzoko udalbatzarrean aho batez onartu zuten testua EH Bilduk eta EAJk.

Honako hau da atzoko udalbatzarrean udaleko bi alderdiek onartu zuten testua:

"Ez da ohiko lan greba bat izango; enplegu grebaz gain, kontsumo grebara, hezkuntza grebara eta zaintza grebara batzeko deialdia egin delako.

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa da bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egiten ez badira, hala nola pertsonen zaintza –haurrak, adinekoak, mendekoak...– edo etxeko lanak egiten ez badira. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta, batez ere, emakumeek egiten dituzte.

Gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko oztopo nagusietakoa denboraren erabilera da, desoreka handia baitago emakumeek eta gizonek eremu publikoan eta pribatuan igarotzen duten denborari dagokionez.

Azpeitiko Udalak aurtengo martxoaren 8an mugimendu feministak egindako deialdia errespetatuz, ez du ohiko udal adierazpenik onartuko, baina grebaren deialdiaren helburuarekin bat eginez, grebari ekarpena egin nahi dio. Zaintza lanak erdigunean jartzeko helburuarekin, eta, batez ere, azpeitirrok denbora zertan igarotzen dugun aztertzeko, denboraren erabilera sozialari buruzko azterketa egingo dugu datozen hilabetetan. Beraz, azpeitiar guztiak animatu nahi ditugu azterketa horretan parte hartzera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide