Sare Egunaren harira jasotako babesa eskertu du Azpeitiko Sarek

Sare Eguna izan zen zapatuan herrian. Azpeitiko Sarekideok ilusioz eta gogotsu aritu gara lanean Sare Eguna aldarriz eta edukiz betetzeko, eta guzti hori posible izan da zuen laguntzari esker. Horreatik, zuen konpromisoa eta laguntza eskertu nahi ditugu idatzi honen bitartez. 

Aipamen berezia egin nahi genieke Azpeitiko Udalari, brigadako langileei eta Azpeitiko udaltzaingoari, lana erraztearren. Nola ez, eskerrak Sanagustin kulturguneko lagunei, AZTEko kideei (Zuhatz, Mugari, Ertz, Etxezuri, Topa, Korrale, Orkatz, Intz, Eperra, Sanagustin eta Fideo tabernak) eta Elikaguneko arduradunei. Baita Ekaintxouri eta Hesian eta Erokomeri taldeko kideei ere, energiaz betetako ikuskizun ederrak eskaintzeagatik.

Eskerrik asko joan den zapatuan nahiz  azken urteetan zehar gure ondoan borondatez lanean aritu zareten guztioi. Elkartasun krosa egin ahal izateko bidegurutzeak zaintzen, paella txapelketan laguntzen, bazkaria prestatzen eta zerbitzatzen, umeen txokoa zaintzen aritu zinetenoi, eskerrak; mila esker aldarria eta festa uztartzen diren egun berezi honetan atzetik dagoen lan guzti hori elkarlanean aurrera eramaten laguntzearren. Eskerrik asko Gaztaña, beste urte batez, irrifarrea ahoan egunari umore ukitua emateagatik; eta mila esker Uztarria eta Urola Kostako Hitza komunikabideei, motxiladun umeen gaia herriratzen laguntzeagatik. 

Eskerrik asko preso, iheslari eta deportatuen senide eta lagunei. Nola ez, motxiladun umeei besarkada estu bat bidali nahi genieke hemendik, urteetan zehar pairatzen ari diren espetxe politika anker honen ondorioek eragin dezaketen nekeari, indar eta adorez aurre egitearren.

Sarek lanean jarraituko du; konponbideruntz goaz. Euskal preso, iheslari eta deportatuek gaur egun bizi duten egoera latza plazaratzen jarraituko dugu, baita preso horien senideei eta lagunei dispertsioak eragiten dizkien ondorioak salatzen ere. Ideologiaz haratago, giza eskubide urraketak tarteko dauden honetan, konpromisoa eta konponbiderako begirada ezartzea eskatzen du Sarek. Gu prest gaude. Orain presoak!

Euskal Presoak Euskal Herrira. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide