Ekainaren 10eko giza katea

Azpeitiko herri galdeketaren bigarren urteurrenean, giza katerako deia egin du Hitzartuk

Uztarria.eus 2018ko eka. 5a, 13:04

Gaur bi urte bete dira Hitzartuk antolatutako herri galdeketa egin zela Azpeitian, eta independentziaz galdetu zuten egunaren bigarren urteurrena aprobetxatuz, Gure Esku Dagok antolatuta larunbatean egingo den giza katean parte hartzeko dei egin die taldeak herritarrei.

Herri kontsultaren urteurrenean, Hitzartuko kideak berriz elkartu dira, eta, larunbateko ekimenaren harira, 2016ko ekainaren 5 hartan botoa eman zuten 4.781 herritarrak "bereziki" deitu dituzte hara joateko. Izan ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko bidea "luzea" dela adierazi du hitzartuk, eta, bide horretan, larunbatean "beste pauso bat" egingo dutela azpimarratu du.

Atzera begira jarri, eta taldeak gogoratu du 200 lagun baino gehiagok antolatu zutela 2016an Azpeitian egin zuten herri galdeketa. Hain zuzen ere, azpimarratu dute haiek "auzolanean egindakoari esker" lortu zela duela bi urteko ekainaren 5a "egun eder bat" izatea. Ordutik, Euskal Herriko beste 203 herritan ere galdeketak egin dituztela eta horietan 189.000 pertsonek bozkatu dutela gaineratu du taldeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide