Azpeitiko Udaleko bi alderdi politikoek, EH Bilduk eta EAJk, Gure Esku Dagok aurkeztutako mozioa onartu zuten atzo, asteartea, egindako ekaineko ohiko udalbatzarrean. Datorren igandeko giza katearekin bat egin dute udal ordezkari guztiek, eta bilkura bukatzean argazkia atera zuten horiek. Udaleko EH Bilduk eta EAJk herritarrei giza katean parte hartzeko deia egin diete.
Honako hau da atzoko udalbatzarrean onartu zuten mozioa:
"Aturritik Ebrora eta Enkarterrietatik Auñamendira, Pirinioetako bi aldeetan 685 udalerrietan bizi garen hiru milioi euskal herritarren gehiengoak, gure hizkuntza, kultura edo jatorria edozein izanik ere, euskal herritar gisa bizi nahi dugu. Gure eskubide zibilak eta politikoak barne, Nazioarteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik eratortzen diren eskubide guztien jabe bizi nahi dugu Euskal Herri osoan.
Duela bost urte Euskal Herrian sortu zen Gure Esku Dago mugimenduarekin batera ekin genion Azpeitian ezberdinen arteko baturatik osatutako erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikari. Ordutik, lanketa eta pauso garrantzitsuak egin ditugu Euskal Herrian zein Azpeitian. Horren erakusle dira 2014ko ekainaren 8an milaka herritarrek osatu zuten Iruñea eta Durango arteko giza katea, eta 2014an 5.000 herritarrek baino gehiagok eman zuten boza Azpeitian egindako erabakitze eskubidearen aldeko galdeketan.
Pauso garrantzitsuak izan dira, eta orain esku artean duguna ez da apalagoa. Aurtengo ekainaren 10ean, Donostia, Bilbao eta Gazteiz lotu nahi ditugu giza kateren bidez. Bertan, 100.000 bat herritarrek elkarri eskutik helduta herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela aldarrikatuko dugu, beste behin.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeen honetan, herritar guztiok ezinbesteko giltza garelako, milaka arrazoi eta gehiago daude giza katean parte hartzeko.
Hori dela eta, Azpeitiko Udalak bat egin du ekainaren 10ean egingo den giza katearekin eta horren inguruan antolatutako ekintzekin. Horretaz gain, bando bidez, herritarrei ekainaren 10ean azpeitiarroi egokitutako Zumaia eta Getaria arteko kilometroetan edota beste edozein puntutan elkarri eskua emateko deia luzatzen diegu. Herri bat garelako; erabakitzeko eskubidea dugulako; eta herritarron garaia delako. Gure Esku dago!".